“Sekulako meritua dute partaideek. Gaur egun, geure denbora da dugun baliorik preziatuena eta bidelagunek horixe eskaintzen diete bidelariei, euskara ikasi edo hobetu nahi dutenei. Txalotzeko da benetan alde bien ahalegina eta zazpigarren urtez jarraian egitasmoa aurrera eramateak asko esan nahi du”, dio Marijose Arregi, Euskara zinegotziak.
Mintzalagun programa Udalak eta AEK euskaltegiak elkarlanean gauzatzen dute. Aurtengoa zazpigarren urtea izango da. Momentu honetan, 35 lagunek hartzen dute parte bederatzi taldetan. “Hauek astean ordubetez elkartzen dira euren euskara lotsarik gabe praktikatu eta dakiten hori hobetu asmoz. Kafetxo bat hartu, paseoa eman… lagunarte euskalduna lortu dute. Gainera, konfiantza eta segurtasuna lortzeaz gain, euren bizitza euskaraz bizitzeko gaitasuna ere bere egin dute”, diote AEK-ko arduradunek.
Euren euskara hobetu nahi duten euskaldun berriek eta bide horretan laguntzen dieten euskaldun zaharrek hartzen dute parte Mintzalagun programan, bidelariek eta bidelagunek, alegia.
Mintzalagun izateko eman izena euskara@azkoitia.eus edo azkoitia@aek.eus-era idatzita edo 943 85 71 75 edo 943 15 10 89 telefono zenbakietara deituz.