1555. urtean hasitako ohiturari eusten diote azkoitiarrek. Ekaitzak ekartzen zituen lainoak saihesteko asmoz hasi ziren duela 462 urte San Martin ermitan kanpaia jotzen; izan ere, 1555. urteko ekainaren 18an sekulako harri-erauntsia bota zuen Azkoitian, hainbat baserritan kalte nabarmenak eraginez. Tontorretik etor zitekeen guztia ikusten zelako hautatu zuten San Martin ermita kanpaia jotzeko toki bezala. Etorkizuneko ekaitzak saihesteko, udaletxeak urte hartan bertan jarri zuen protokoloa da gaur herritarrek kanpaia jotzeko duten ohitura.
Bihar, 10:00etan, meza egingo da ermitan bertan, eta ondoren, 11:00etan, San Martingo IV. Mendi Lasterketa jokatuko da. Zortzi kilometroko proba prestatu dute, eta izena ematea sei euro izango da. Lehen sailkatuek, Kurutzia baserriko produktuekin osatutako otarra bana irabaziko dute, eta parte hartzaile guztien artean hainbat zozketa ere egingo dituzte. Antolatzaileek adierazi dutenez, proban parte hartuko duten korrikalariek Elkargunean dutxatzeko aukera izango dute. Probaren ostean, hamarretakoa ere eskainiko dute.