Jairo Davila eta Ina Juaristi azkoitiarrek 'Handia' filmean hartu dute parte

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 14a, 11:30

Jairo Davila, 'Handia' filmean.

Jairo Davila Gonzalez (Azkoitia, 1979) eta Ina Juaristi Uria (Azkoitia, 1984) Handia filmean agertu dira, lehena figurante lanetan, eta bigarrena aktore lanetan. Bi protagonistak elkartu eta euskal film horretako grabaketa saioetan izan dituzten esperientziez galdetu diegu:

 

Noiz eta non egin zenituzten grabaketak? Erraza izan al zen figurante/aktore lanetan murgiltzea?

Jairo Davila: Aurtengo maiatzean egin nituen niri egokitzen zitzaizkidan grabaketak, Donostiako Miramar Jauregian. Ordu asko pasatu behar izan ditugu hartualdia ondo irten arte. Sekulako esperientzia izan da filmeko figuranteetako bat izatea. Gainera, aktore protagonistak lanean ikusi genituen, eta hori oso aberasgarria izan da. Inoiz ez nuen pentsatu zer egon zitekeen kameren atzean, eta ikusitakoa ikusita, txundituta gelditu naiz. Jende pila bat zegoen lanean kameren atzean zein aurrean.

Ina Juaristi: Nire kasuan, grabazioa Beizaman izan zen 2016ko martxoaren bukaeran. Orokorrean, aktore lana ez da erraza, ez baita zerbait egonkorra, besteak beste, ekonomikoki. Halere, oso gustura eta eroso aritu nintzen grabazioan, erraz murgildu nintzen paperean. Euskal ezkontza baten ospakizuna antzeztu behar genuen, eta primeran aritu nintzen bertako baserritarren eta animalien artean. Zuzendaria eta gainerako langileak ere oso jatorrak izan ziren; aurretik ezagutzen nituen batzuk. Esperientzia aberasgarria izan da, esperientzia berri bat izateaz gain, dena erraz joan da.

Film batean parte hartzen duzun lehen aldia al da?

J.D: Ez, ez da lehen aldia. Julio Medem zuzendariaren La ballena real film laburrean parte hartu nuen, eta aurten Operacion Concha filmean hartu dut parte, Karra Elejalde, Barbara Goenaga eta Jordi Mollarekin, besteak beste.

I.J: Hainbat lan egin izan ditut aurretik, esaterako, Lasa eta Zabala filmean ere parte hartu nuen; baita Orbita 9 eta Ignacio de Loiola filmetan ere. Horrez gain, antzerki lanetan ere aritzen naiz, eta zenbait iragarkitan eta telesailetan, Goenkalen adibidez, ere parte hartutakoa naiz.

Nolatan Handia filmean? Jendeak ezagutu al zaitu?

J.D: Donostiako agentzia batean eman nuen izena eta proba baterako deitu zidaten. Jantzi probak egin, eta horrelaxe hasi zen abentura. Batzuk ezagutu naute, baina ez denek. Familiako kideek eta lagunek zekiten soilik Handia filmean irtengo nintzela, baina neuk ere ez nekien zenbat aldiz azalduko nintzen.

I.J: Aktore lanetarako enpresa batean izena emanda daukat, eta bertatik deia jaso nuen perfila betetzen nuelako. Ondoren, casting-a egin eta hautatua izan nintzen.

Zein paper bete duzu?

J.D: Garai hartan kasinoan biltzen ziren garai hartako jakintsuak, boteretsuak, medikuak, abokatuak zientzialariak, dendariak, eta abar. Ni horietako bat nintzen, eta Handia aztertu nahian agertzen naiz gainerakoekin batera.

I.J: Ezkontzen ziren protagonisten familiako kidea nintzen.

Zer iritzi duzu estreinatu berri den filmaren inguruan?

J.D: Nire ilobarekin batera joan nintzen filmaren estreinaldira, eta triste samarra iruditu zitzaigun. Garai haiek ere horrelakoxeak ziren, zailak eta tristeak; asko sufritu zuten bi anaiek. Handia Istorioa gogorra da, bihotza ukitzen duten horietakoa.

I.J: Egia esan, oraindik ez dut ikusi, baina entzun ditudan iritziak onak izan dira, orokorrean.

Aurrerago beste film baten parte hartzeko asmorik ba al duzu?

J.D: Ni prest nago, nire lana oztopatzen ez duen bitartean. Mundu oso aberasgarria eta interesgarria iruditzen zait.

I.J: Oso gustuko dut aktore lana, eta zalantzarik gabe, gustatuko litzaidake beste film batetan parte hartzea. Ea zortea dudan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide