Aurtengo Bebarruko Jardunek amaitzear

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 26a, 10:23

Joan den irailaren 27tik azaroaren 3ra hamaika kontzertu/entzunaldi eta zinema saio ari da eskaintzen Matadeixe. Hona hemen urriko Maxixatzen aldizkarian kaleratutako ekintzen aurkezpen artikulua:

Udazkenarekin batera, hemen dira aurten ere bigarrengoz Bebarruko Jardunek. Hilabete pasatxoko denbora tartean, zazpi kontzertu/entzunaldi eta lau zinema saio hartuko ditu Matadeiko eraikin zaharrak. “Hemen ditunk berriz ere...” esango lukete akaso hango hormek eta armiarmek hitz egingo balute. Izan ere, ez dira oraingotxeak urtean bitan Azkoitira, Matadeira, soinu, irudi, erakusketa, instalazio eta batek daki nolako zenbat arte adierazpen ezohiko, bestelako, hango eta hemengo, zaratatsu zein isil, argitsu edo ilun, atsegin nahiz deseroso ekartzen dituzten Bebarruko Jardunek.

2004ko lehen Bebarruko haietatik hona guztiak ikusi dituenik ez da seguruenik izango –paretez eta armiarmez gain, jakina–, jendea ere etorri eta joan egiten baita, baina esan liteke azpian datzan ideia edo asmoa eta egiteko modua oraindik ere berbera dela hor nonbait. Honelatsu zioten, besteak beste, aurrenetako Jardun haietako bat aurkezteko-edo norbaitek paperean ipinitako hitzek:

«Honela, gure helburua inguruko adierazpen artistiko berritzaileentzat leku berri bat sortzea da, entzulego nagusiarengan bestelako musikekiko jakin-mina eta zaletasuna piztearekin batera». Ez dakigu halakorik zenbateraino lortuko zuten Bebarruko Jardunek, baina ziurtasunez esan dezakegu urte hauetan guztietan Matadeitik eta Bebarrukoetatik igaro diren artista, kolektibo, hizlari, entzule eta bisitariek zinez gozarazi digutela, arratsalde eta gau zirraragarri franko bizi izan ditugula, eta sortu eta finkatu diren harreman eta konexioek elkar ezagutu eta aberasteko behintzat balio izan dutela, eta, horrekin batera, Matadeixe, gure inguruan, gisa horretako musikak eta adierazpenak entzun eta ikusteko gune edo nolabaiteko topaleku bihurtu dela.

Oraingora etorrita, hau da, datozen asteetan Bebarruko Jardunek eskainiko dutenari begira jarrita, musika kontzertu/entzunaldiak eta zinema saioak izango dira egitarauaren ardatz. Nabarmentzekoa gure artean izango ditugun 13 proposamenetatik hiru Japoniatik etorritakoak izango direla. Hain zuzen ere, Bebarrukoei hasiera emateko, Melt Banana talde beteranoak kutsu esperimentaleko kantu egiturekin nahasitako noise eta abiada biziko grindcorea taularatu du. Aurretik, giroa berotzeko, bailaratik bertatik, Üther fastcore hirukotea izan dugu.

Tatsuru Arai konpositore, soinu artista eta programatzaileak automatizazioak eta teknologiak musikan eta konposizioan duten eragina esploratzen du besteak beste. Egun berean, Noiz Koda bertako hirukoteak jendaurreko lehen saioa emango du. Japoniarrekin jarraituz, Minami Deutsch hirukoteak besteak beste Can eta Neu taldeen oihartzuna dakarren krautrock elektronikoa agintzen digu.

Egun berezia izango da, bestalde, Magia Roja kolektiboak Matadeira egingo duen bisitarena. Bartzelonako kultura elkarte horrek artea ekoitzi eta bultzatzen du bere zigiluaren eta antolatzen dituen kontzertu, konferentzia, tailer eta saioen bidez. Hainbat talde eta musikariren lanak kaleratzen dituzte, eta artearekin, musikarekin eta sorkuntzarekin inplikatutako mundu osoko espazio “aliatuekin” gero eta zabalagoa den sarea osatzen dute. Urriaren 7an haien zigiluko Jaco, Zozobra eta Futuro de Hierro taldeek emango dute kontzertua. Horretaz gain, beste hainbat talde izango ditugu: La Plata, Lady Banana, Doble Capa, Anacardos Lata...

“Landa-eremua” zine zikloan, berriz, baserri inguruko bizitzaren ikuspegi desberdinak jasoko ditugu bi dokumentalen eta fikziozko bi pelikularen bitartez. Begirada errealistak eta parodia ez diren parodia kontrajarriak.

Gonbidatuta zaudete

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide