Gaurko egunaren helburua da komertzio txikiak gure herrietan egiten duen ekarpenaren inguruan kontzientzia sortzea, eta bide batez, proposamenez betea datorren egunaz haur eta helduek gozatzea.
«Ilusioa behintzat jarri dugu eta uste dugu herritarrek eskertuko dutela. Nahi duguna da jendea ohartzea hementxe gaudela, hurbil. Hiriburuetara edo internetera jo aurretik, herriko komertzio txikiak zer eskaintzen duen ikusi eta bertan erostera animatu nahi ditugu herritarrak», dio Sara Rodriguez, Herrixen elkarteko teknikariak.
Horretarako, larunbat honetarako, egun osorako ekintzak antolatu dituzte eta jai giroan burutuko dira. Egunean zehar, Txu Txu trena ibiliko da kaleetan zehar umeen gozamenerako. Torre Zuri erakusketa aretoan, berriz, tonbola dago atzoz geroztik. Gaurko ordutegia, 11:30etik 14:30era bitartekoa izango da.
Gastronomia ere protagonista izango da. Larunbat goizean herriko plazan txorixo dastaketa egingo da trikitilariek lagunduta. Arratsaldez, toki berean, umeentzat puzgarriak eta tailerrak egongo dira, eta egunari amaiera emateko II. Zakelmari Pintxo Lehiaketa egingo da honako sei taberna hauekin: Tta-kun, Orbela, Koxka, Zurt, Latz eta Etxe-Aitz.