Elosuko XXXIX. Ganadu Feria egingo dute ostegunean

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 9a, 11:13

Iaz Elosun egindako ganadu feriaren irudietako bat.

Datorren ostegunean, hilak 12, ganadu feria ospatuko da Elosun. Elur Txiki Elkarteak antolatu du aurten ere feria, Azkoitiko eta Bergarako udalen laguntzarekin. 39. edizio honetan ere, udalak Elosura joan-etorria egiteko autobus zerbitzua jarriko du.

 

Honako egitaraua antolatu du Elur Txiki elkarteak ostegunerako:

09:00etan hasiko da ganadu feria. Goizean zehar artisauen eta bertako produktuen azoka izango da. Horiez gain, berrikuntza bezala, Elosuko ikatzarekin erretako Elosuko txahala dastatzeko aukera izango da, eta txondorraren inguruko argazki erakusketa ere izango da. Elosuko auzokideek egin zuten txondorra pasa den maiatzean, 10.000 kilo egurrekin, baina ekainean su hartu zuen ikatza gordeta zuten biltegi batek, eta 1.000 kilo inguru salbatu ahal izan zituzten soilik.

11:00etatik 14:00etara, haurrentzako puzgarriak.

12:30ean, Julio Soto eta Iban Urdangarin bertsolariak, frontoiko oholtzan.

Jarraian, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariak.

16:00etan, Julio Soto eta Iban Urdangarin bertsolariak.

17:30ean, asto proba egingo dute. Eneko Txapelen bi asto, Azkoitiko Ixidro Erretegiko astoaren aurka, asto harriarekin eta astozain batekin.

Ondoren, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariek alaituko dute giroa.

Autobus zerbitzua

Udalak Elosura joan-etorria egiteko autobus zerbitzua jarriko du beste urte batez. Goizeko 09:00etatik 20:30ak arte etenik gabe arituko dira autobusak Azkoitia eta Elosu arteko bidea egiten. Autobus horiek Julio Urkixo kaleko geltokian (Eroski txikiaren parean) egingo dute geldialdia.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide