Xabi Oroz: «ACB ligan minutuak jokatzeko gai naizela erakutsi nahi dut»

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 1a, 10:38

Xabi Oroz. / ACB liga.

Xabi Oroz (Azkoitia, 1996) saskibaloi jokalariak gaur, igandea, 13:00etan hasiko du Endesa Ligako denboraldi berria Gipuzkoa Basket taldearekin, Herbalife Gran Canaria taldearen aurka, Kanaria Handietan. 2014. urtean egin zuen debuta talde donostiarrarekin, baina orain hasiko duen ibilbidea guztiz da desberdina; 21 urterekin taldeko kapitaina da azkoitiarra. Irakurri Maxixatzenek Xabi Orozi egindako elkarrizketa:

 

Zein helbururekin hasiko du denboraldia GBCk?

Helburu nagusia zaleek gozatzea da, eta astebururo jende gehiagorekin betetzea Ilunbe. Sailkapenari dagokionez ez dugu helburu finkorik jarri; badakigu urte gogorra izango dela. Prest gaude, ordea!

Presiorik sortzen al du maila gorenean jokatzeak?

Presio berezirik ez. Bizitza osoa daramat saskibaloian jokatzen eta maite dudana da. Hala ere, ohituta ez nagoen zenbait egoerekin egin izan dut topo, (kamerak, elkarrizketak, zaleak...) eta horrek presioa sor dezake; baina ez naiz gehiegi horretan zentratzen, eta kantxan nagoenean gozatzen ahalegintzen naiz.

Kapitaina izan arren, aholkurik jasotzen al duzu? 

Bai, noski. Taldeko gazteena izanik saskibaloi gutxiena ikusi duena naiz taldean, eta beteranoek beti esaten didate zerbait akatsen bat ikusiz gero. Jokoan egindako akatsak zuzentzeko aholkuak izaten dira.

Denboraldi-aurrea amaituta liga hasiko duzue igandean. Zein indargune erakutsi ditu taldeak orain arte, eta non ikusten diozu taldeari hobetu beharra?

Talde apala dugu eta ez gara batere berekoiak, hori alde ona da. Gainera talde oso langilea da eta gogo askorekin dago. Agian, gure ahulgunea esperientzia falta da. Jokalari gutxi batzuk hainbat urtez ari dira ACBn jokatzen, baina beste askok ez dugu esperientzia maila hori.

Orain dela urte batzuk, gaur GBCko kapitain, eta gainera Endesa Ligan izango zinela agian pentsaezina zen zuretzat. Orain aukera iritsi zaizula ikusita, zer da benetan erakutsi nahi duzuna?

Kategoria honetan minutuak jokatzeko gai naizela erakutsi nahi dut. Pauso hau emateko momentu egokia da. 

Zein izango da Gipuzkoa Basketek mailari eusteko gakoa?

Beste bi taldek baino partidu gehiago irabaztea [barrez]. Garrantzitsuena etxeko partidetatik ahalik eta gehien irabaztea da. Iaz hori izan zen gure ezaugarri nagusia, eta horrekin jarraitu nahi dugu.

Maila handiko jokalariak izango dituzu aurrean. Ez da egunero jokatzen maila horretako jokalarien aurka. Ba al duzu egutegian gorriz margotutako egunik?

Egia esan lehenengo hiru jardunaldiak bakarrik begiratu ditut egutegian, aste honetan hiru partida baiditugu. Egun berezirik ez dut oraingoiz, baina kantxa handietan jokatzea berezia izango da: Palaun, adibidez.

Eta jokalari bat aukeratzekotan, ba al duzu gogo berezirik norbaiten aurka jokatzeko? 

Kategoria honetan talde gutietan daude izarrak eta asko dira. Baina Navarroren aurka jokatzeak ilusio erezia egiten dit, badirudi bere azkenetariko denboraldia izango dela eta. Doncic, berriz, badirudi saskibaloi mundua jango duela, eta, beraz, erronka polita izango da.

 

Entrenatzaile bat: PORFIRIO FISAC

Erreferente bat: RICARDO URIZ, ASKO IKASI NUEN IAZ BEREGANDIK

Saskibaloi kantxa bat: GASKA

Talde bat: IRAURGI

Jokalari bat: SERGIO LLULL

Saskiratze bat: HIRUKOA, GEHIEN BALIO DU ETA.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide