Gaur, osteguna, herri harresituaren aztarnategian egindako indusketa kanpainaren emaitzak aurkeztu dizkie Antxoka Martinezek proiektuaren babeslei. Bertan izan dira Kultura zinegotzi Sonia Vazquezekin batera, Azpeitiko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Caixabankeko eta Sidenorreko ordezkariak.
Antxoka Martinezek azaldu duenez, aurtengo aurkikuntza nagusia hormena izan da. "Egiturak oraindik mantentzen dira, ikusten dira, eta nahi izan dugu egonkortu eta bisitagarri egin, alegia, jendeari bueltatu ikerketa lanak egin ondoren".
"Herri harresitu baten –dio Martinezek– punturik ahulena sarbidea da. Babes natural baten kontra aurkitu izan dugu, baina hemengo egitura konplexuagoa da. Adierazten du garaiko defentsa sistemak ezagutzen zituztela. Askotan Burdin Aroko jendearekiko dugun irudia basatiena da eta ez da horrela. Hemen ikusten da planifikazioa, arkitektura eta gotor sistemak kontrolatu eta egokitzen zekitela".
Monoaundiren kasuan sarbide ondoetan kuboak ikus daitezke, eta kuboa ez da dorre bat. "Beteta daude. Eraso baten aurrean, kanpoko horma erori arren, barrukoa zutik geratzeko da".
Munoaundiko herri harresituari monumentu izendapena aitortu zion Eusko Jaurlaritzak. Sei hektareako gunea da eta 500 bat metro ditu harresiak.
Antxoka Martinezen esanetan, aurrera begira helburu argiak planteatzen dira hasitako proiektuarekin. "Batetik ikerketa lana, sarbidea osotasunean ezagutzea, hau da, nolakoak diren egiturak, denboran izan duen garapena eta bilakaera horren kronologia. Bestetik, ikerketa behin osatuta, sarbidea berreskuratzeko eta musealizatzeko oinarriak jarriko dira, bisitagarri egiteko, eta horrela, herritar guztiei itzuliko zaie eurena den ondare historikoa".