"Dementziekin Elkarbizi" lemapean, hitzaldia eskainiko du Afagik

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 26a, 17:37

Afagi elkarteak —Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkartea— antolatuta, Dementziekin Elkarbizi hitzaldia izango da Elkargunean datorren asteartean, urriak 3, 15:30ean. Hitzaldian izango dira Koldo Aulestia, Afagiko presidentea, eta Naroa Diaz, Afagiko gizarte langilea. Moderatzaile lanetan, berriz, Mari Cruz Alberdi, Afagiko boluntarioa, arituko da. Afagik antolatutako kanpaina, Ni neu nauzu lemapean, alzheimerdun edo beste dementziadun pertsonarengan oinarritzen da.

 

Irailaren 21a Alzheimerraren munduko eguna izaten da, 1994. urtean Osasunaren Mundu Erakundeak eta Alzheimerraren Nazioarteko Federazioak aukeratuta. Egun horren helburuak dira, batetik, gaixotasunaren eta eragiten dituen ondorio sozio-sanitarioen gaineko informazioa aditzera ematea eta, bestetik, biztanleriaren eta erakunde ofizialen elkartasuna eta laguntza eskatzea.

«Alzheimerrak oroitzapenak ezaba ditzake, baina ez du ezabatzen izan den, baden eta izango den pertsona», azpimarratu du Afagiko presidente Koldo Aulestiak. Zehaztu du alzheimerdun edo beste dementziadun pertsonarengan oinarritzen dela, ez gaixoarengan, ez pazienterengan, baizik eta hura izan den, baden eta “azken egunera arte" izango den pertsonarengan. «Pertsona horrek diagnostikoa jaso du, progresiboki bere oroitzapenak eta oroimena desagertzen ikusiko ditu, eta zaintza espezifiko eta bereziak jaso beharko ditu, lehenik familiarengandik, eta, ondoren, sistema soziosanitarioetatik».

Aulestiaren esanetan, helburu bikoitza dute 1994an Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sortutako eta Alzheimer’s Disease Internationalek babestutako egun horretako ekitaldi guztiek: Alde batetik, Gipuzkoako gizartea «sentsibilizatu nahi da XXI. mendeko epidemia honen inguruan» eta dituen ondorio soziosanitarioen inguruan. Eta, bestetik, hezkuntza sanitariorako kanpaina bat garatu nahi da, patologia horren prebentzioa sustatzeko, Estatuan 4,5 milioi pertsonari eragiten baitie, gaixotasuna dutenak eta haien senitarteko zaintzaileak barne.

Afagik defendatzen duen ideiaren arabera, alzheimerra, gaixotasun bat baino gehiago, «tamaina itzeleko» arazo bat da, eta, arlo soziosanitariotik harago, gizartearen «esparru guztiak inbaditzen ditu». Zeharkako izaera duenez, «behar-beharrezkoa» da gaixotasunaren trataera eraikitzea eta artikulatzea ikuspegi integral batetik, zeina intentsitate maila berean iritsiko zaion, bai pazienteari, bai senitarteko zaintzaileari.

Diagnostiko goiztiarrari dagokionez, Aulestiak azpimarratu du diagnostikatutako pertsonen % 9 eta % 10 artean 65 urtetik beherakoak direla («gaixo gazteak1»), eta horietako gehienei diagnostikoa lan jardueran iristen zaie, bete-betean. «Bi kasuetan –gogorarazi du Afagiko presidenteak–, amaiera berbera izango da: etengabeko narriadura, guztizko mendekotasunera iritsi arte.Baina, une hori iritsi arte, alzheimer diagnostikoa jaso duten pertsonek asko dute esateko, asko dute gizartera ekartzeko, gizarte horren parte baitira oraindik, parte aktibo».

 

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide