720 pertsonak eman dute izena jada zapatuko II. Lasterketa Solidarioan parte hartzeko

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 19a, 09:17

2015ean ospatu zen I. Lasterketa Solidarioa.

Ttipi-Ttapa elkarteak antolatuta, zapatuan ospatuko da Aspanogi elkartearen aldeko II. Lasterketa Solidarioa. Egun osoko egitaraua antolatu dute, goizean hasi eta iluntzera bitartean.

 

Lasterketan parte hartzeko izena emate epea zabalik dago oraindik. Gaur, 17:00etatik 19:00etara, Torre Zuri erakustokiaren aurrean egongo dira antolatzaileak, eta ostegunean, ordu berean, plazan egongo dira.

Esan bezala, bi lasterketa egingo dituzte: umeena eta helduena. Umeek izena ematean hiru euro ordaindu beharko dituzte, eta helduek, 10 euro. Egunean bertan izena ematen duenak, aldiz, 15 euro ordaindu beharko ditu. Une honetan 720 pertsonak eman dute izena lasterketan parte hartzeko, horietatik 120 umeak. Momentuz, 6.360 euro bildu dituzte Aspanogi elkarteari emateko.

Zapatukoa, ordea, ez da lasterketa hutsa izango. Egun osoko festa osatu dute antolatzaileek. 10:00etan hasiko dira plazan lasterketan parte hartuko dute parte hartzaileei dortsalak banatzen. 11:00etatik aurrera, Alai Batzako kideek haurrentzako animazioa eskainiko dute. 12:00etan hasita, berriz, Sareako Batukada Feministak herriko kaleak girotuko ditu.

Arratsaldean egingo dira bi lasterketa solidarioak. 17:00etan, umeen lasterketa egingo da. 7 urte bitarteko umeek, 400 metroko lasterketa egingo dute, 7 urtetik 10 urtera bitartekoek 800 metro egingo dituzte, eta 10 urtetik 12ra bitartekoek, 1.200 metro.

18:00etan, berriz, helduen txanda izango da. 4 kilometroko ibilbidea antolatu dute Ttipi-Ttapa elkartekoek, eta ibilbidea oinez zein korrika egiteko aukera egongo da. Egunari amaiera emateko, azkenik, oparien zozketa egingo dute.

Lehen edizioa 2015ean ospatu zen, eta ordukoan 864 pertsonek hartu zuten parte. Katxalin bularreko eta ginekologiako minbizia duten emakumeen elkartera bideratu zen bildutako dirua. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide