Joaquin Sol: «Kulturismoa ez da gorputz polit bat soilik, osasuna ere bada»

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 5a, 09:11

Joaquin Sol.

Joaquin Sol Alvarez (Onda, Castelló, 1985) 2009an etorri zen Azkoitira, maitasuna zela eta. 2001. urtean hasi zen kulturismoa praktikatzen, 16 urte zituela, txikitatik atentzioa ematen baitzioten gorputz gihartsuek. Denbora eta esfortzu asko eskaintzen dio, baina kulturismoa ez du lanbide, eta familia eta lanarekin bateratzen du afizioa. Iazko urtean, Espainiako Kopa Nazionalean 3. postua lortu zuen, eta momentuz ez du kirola uzteko asmorik.

Nolakoak izan ziren lehen pausoak? Zer izan zen zailena?

Ezjakintasunez, lehen egunean gosaldu gabe joan nintzen. Tentsio beherakada izan nuen, eta goragalea ere bai; oso gaizki pasatu nuen. Kirol hau niretzat ez zela pentsatzera iritsi nintzen. Zailena errutina zorrotzera ohitzea izan zen.

Nolakoa da zure egun bat?

Goizetan, gosaldu aurretik, 45 minutuko paseoa egiten dut. Etxera itzulitakoan, gosaldu eta lanera joaten naiz. Arratsaldean, elikadura osagarriak prestatu eta gimnasiora joaten naiz. Gihar bakoitzak nola funtzionatzen duen jakin behar da, eta horiek nola landu.

Zer da kirol horren alde zailena? Eta onena?

Gogorrena txapelketa garaia da; izan ere, ohi baino gutxiago jaten dut, baina gorputza txapelketa garaitik kanpo bezainbeste edo gehiago lantzen dut. Ahulago egoten naiz, eta deskantsurako denbora gehiago behar izaten dut, baina familiaz eta lanaz ere arduratu behar dut, eta oso gogorra egiten zait. Onena oholtza gainera igotzea eta urte guztian egindako lan eta sakrifizio guztia erakustea da.

Nolakoa da zure dieta?

Urteko sasoiaren araberakoa da: lehia edo bolumena. Hala eta guztiz ere, oinarrian karbohidratoak, proteinak, barazkiak eta “koipe ona” –ahuakatea, oliba edo koko olioa, intxaurrak…– kontsumitzen ditut urte osoan. Aldatzen den bakarra kopurua da, eta beti kontu handiz pisatzen dut, dena kontrolpean izateko. Horrez gain, aminoazidoak, bitaminak, omega 3 eta karbohidratoak hartzen ditut besteak beste, janariarekin ezin baititut lortu.

Astean zenbat aldiz entrenatzen zara? Nolakoak dira entrenamenduak?

Gimnasioan lau aldiz entrenatzen naiz astero, eta beste hiru egunetan atseden aktiboa egiten dut, iraupena lantzeko ariketak alegia. Egunero gorputz atal bat lantzen dut, astearen bukaerarako gorputzeko gihar guztiak landu ahal izateko, beti intentsitate handiz.

Nola antolatzen duzu urtea? Atseden aldirik izaten al duzu?

Konpetizio egutegiaren arabera. Urtean bizpahiru astez ez dut pisurik egiten, baina beti egiten ditut iraupena lantzeko kirolak atseden tarte horretan.

Zer gustatzen zaizu gehiago, prestakuntza edo txapelketa?

Biak. Batetik, nire gorputza aldatuz nola doan ikustea atsegin dut, sakrifizioaren emaitzen lekuko izatea. Bestetik, lehiaketetan kulturismoaren munduko lagunekin egoteko aukera izaten dut, eta beti nire onena ematen saiatzen naiz oholtzan.

Zein mailatan lehiatzen zara?

Iazko urtean 3. postua lortu nuen Kopa Nazionalean, eta horrek Europako zein mundu osoko txapelketetan parte hartzeko ateak ireki dizkit. Aurten Europako txapelketarako prestatzen ari nintzen, baina, judizioko haginean izandako infekzio bat zela eta, dena bertan behera utzi behar izan nuen bi aste falta zirenean.

Lehia handia al dago kulturismoan?

Bai, baina konpetitzeko garaian bakarrik. Oholtzatik jaisten garenean, denok adiskideak gara. Bizi estilo hau maite dugu, eta elkarrengandik asko ikasten dugu.

Zer baloratzen da gehien txapelketetan?

Lehenik eta behin, gorputzaren prestaketa: giharren tamaina, lehortasuna… Bigarrenik, oholtza gainean egindako poseak eta norberaren jarrera. Epaimahaiari gorputza erakusten jakin behar da.

Lehiaketetara begira, zer da entrenatzeko zailena?

Egia esan, ia gihar guztiak. Energia gutxi izaten dudanez, entrenatzea zailagoa egiten zait, eta, gutxiago jatearen ondorioz, ez naiz erabat neure onera itzultzen.

Norgehiagokak bi txandatan bereizten dira: finalaurrekoa eta finala. Zer da txanda bakoitzeko zailena?

Finalaurrekoan gehien kostatzen dena posatzen egon behar den denbora luzea da. Asko izaten garenez, denbora gehiago egon behar izaten dugu zain, eta horrek nekea eta egin beharreko poseen kopurua areagotzen du. Finalean, berriz, txarrena urduritasuna izaten da, dena bertan jokatzen baitugu.

Zein uste duzu dela zure alde indartsuena? Eta ahulena?

Bularra eta trizepsa dira nire alderik onenak. Ahulena, berriz, sorbalda dela esango nuke; izan ere, bularra oso garatua izanda, sorbaldek txikiagoak ematen dute.

Jendeak nola erreakzionatzen du kulturista zarela jakiten duenean?

Denetarik dago: batzuek egindako sakrifizioa ikusten dute eta babesa ematen didate; beste batzuek bizi estilo berbera dute eta miretsi egiten naute; eta erokeria bat dela eta denbora galtzen nabilela esaten duenik ere bada.

Zer esango zenieke kulturismoa begi txarrez ikusten dutenei?

Kulturismoa ez dela gorputz polit bat soilik. Osasuna ere bada, osasuntsu jan eta kirola egiten baita.

Kulturismoan hasi nahi dutenentzat aholkurik?

Lasai hartzeko esango nieke, iraupeneko kirola da eta. Emaitzak epe luzera ikusten dira, tematiak izanda.

Kulturismoaz gain, beste zaletasunik ba al duzu?

Futbola gustuko dut. Castellón urte askoz jokatu nuen bertako talde batean.

 

Motzean

Gehien miresten duzun pertsona: Kay Greene, kulturista.

Erreferente bat: Sergi Constance.

Pelikula bat: Fast and Furious.

Abesti bat: La Fugaren Por verte sonreír.

Gorroto duzun zerbait: kiroldegira entrenatzera eskuoihal gabe joaten den jendea.

Azkoitiko alkate bazina: lehenik eta behin, atletismoko pista estaliak egingo nituzke, afizio handia dago eta.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide