Zeintzuk dira lasterketaren nondik norakoak?
Lasterketa Azkoitiko Plaza Berrian hasiko da 15:15ean, eta Oleta eta Txalintxon ibili eta gero berriro leku berean amaituko da.
Zein da zuen helburu nagusia?
Helburua jendea gustura geratzea da, eta martxa amaitutakoan hurrengo urtera begira errepikatzeko gogoarekin geratzea.
Iazkoa izan zen lehen urtea. Nolakoa balorazioa egin zenuten?
Balorazioa positiboa izan zen. Arazorik ez genuen izan, eta jendeak esandakoa eta transmititutakoa positiboa izan zen. Horrek asko laguntzen du hurrengo urteetara begira berriz antolatzen jarraitzeko.
Zenbat parte hartzaile espero dituzue aurtengo martxan?
Gehienez 300 parte hartzaile izan ditzakegu, eta zenbaki horretara iristea ikaragarria izango litzateke. Halere, plazak libre geldituko balira, egunean bertan izena emateko aukera jarriko dugu.
Zenbat boluntario zarete?
Antolaketan gabiltzanok kontuan hartuta, 60 lagun inguru beharko ditugu: bidegurutzetan egoteko, irteera eta helmuga antolatzeko, bukaerako pintxoak eta zerbezak banatzeko…
Martxa antolatzerakoan zerk eman dizue burukominik handiena?
Lanik zailena babesleak topatzea izan dela esango genuke, hauek gabe ez baitago martxa bat antolatzerik. Hori alderdi garrantzitsuenetariko bat iruditzen zaigu, konpromezu handia eskatzen duena. Horrez gain, bideak garbitzeak bere zailtasunak eman dizkigu. Eskerrak eman nahiko genizkioke Erribera baserrikoei, asko lagundu baitigute. Horrelako laguntza asko eskertzen da.
Zer eskatuko zenieke parte hartzaileei?
Gurea ez da lasterketa, martxa bat da. Ibilbidean edozein ibiliko da, pertsona zein animalia, eta errespetuz ibiltzeko eskatu nahi diegu parte hartzaileei. Martxa amaitutakoan, Elkarguneko dutxetara sartu aurretik, zapatilak kendu behar direla ere gogorarazi nahi dugu, eta ahalik eta txukunen ibili behar dela instalakuntzetan. Parte hartzaile bakoitzak dortsala hartutakoan opari txiki bat izango du.
Arau berezirik jarri al duzue?
14 urtetik 18 urtera bitarteko edonork har dezake parte, baina heldu baten zaintzapean egin beharko du martxa osoa. Antolatzaileak ez gara kargu egingo adin txikikoren bati zerbait gertatuko balitzaio. Hori dela eta, martxa hasieran paper bat sinatu beharko dute baldintzak zein diren dakitela ziurtatzeko. Aurten ere bizikletak garbitzeko guneak izango dira, eta pintxo eta edariz lagunduta, sari mordo bat zozketatuko dugu.
Azkenik, eskerrak eman nahiko genizkieke martxa aurrera eramateko laguntza eman digutenei: Azkoitiko Udala, boluntarioak, baserritarrak, lurjabeak… beraiek gabe martxa egitea ezinezkoa litzateke.