Irailaren 8tik 10era izango da IV. Futbol Festa 3x3

Maxixatzen.eus 2017ko abu. 7a, 18:25

Angel Martin Kirol zinegotzia eta Azpeitia Cup-eko Mikel Rodriguez, San Juanen.

Dagoeneko martxan da Azpeitia Cup-ek eta Azkoitiko Udalak elkarlanean irailerako antolatu duten 4. Futbol Festa 3x3. Irailaren 8tik 10era izango da.

 

Oraindik izena eman nahi duenak, ordea, aukera du abuztuaren 20ra bitartean. 5 eta 11 urteko neska-mutilek har dezakete parte. Talde bakoitza gutxienez 3 lagunekoa eta gehienez 5ekoa izan beharko du. Azpeitia Cup-en webgunean eman daiteke izena eta baita Azkoitiko Plaza Berri Sport kirol dendan edo Azpeitiko Halcon Bidaiak-en.

Mikel Rodriguez arduradunaren esanetan, iaz 115 taldek hartu zuten parte eta aurten ere dagoeneko 100 bat talde badituzte. Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz, Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko herrietako umeei zuzendutako ekimena da. “10 minutuko partidak jokatzen dira, talde bakoitzak bospasei. Ez da emaitzik kontutan hartzen, ez dago sailkapenik eta taldeak mistoak izan daitezke. Nahi duguna da neska-mutilek ondo pasatzea eta horretarako jartzen dugun muga bakarra adinarena da”, dio Rodriguezek.

Haur bakoitzari kamiseta bat emango zaio futbol festaren hasieran, eta amaieran guztiek domina bat jasoko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide