Gaztanenean ikasleen plaza kopurua igo eta, ingelesaz gain, alemana ere irakatsiko dute

Maxixatzen.eus 2017ko uzt. 14a, 14:45

2017-18 ikasturteari begira, ingeleseko B2 mailan aritzeko 28 plaza berri sortuko dira, eta ingelesari alemana gehituko zaio hizkuntza eskaintza zabalduz.

 

Iaztik Gaztanenea Formakuntza Zentroan kokatzen diren Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialaren gela desplazatuetan berrikuntzak egongo dira datorren ikasturtean, irailetik aurrera hain zuzen. Batetik, ingelesa ikasteko talde bat gehiago osatuko da, hau da, 28 plaza berri sortuko dira orain dauden beste 84ri gehituz. Halaber, hizkuntza eskaintza zabaldu egingo da ingelesaz gain, eta alemana ikasteko aukera ere izango da.

Guztira, 112 lagunek jasoko dituzte ingeleseko eskolak. B1.1, B1.2 eta B2 mailak eskaintzen dira. Orain arte maila bakoitzako talde bat zeoen. Irailetik aurrera, ordea, bi talde osatuko dira B2 mailarako.

Alemanari dagokionez, plaza kopurua 20koa izango da, eta A1 maila emango da. Udala aspalditik ari da lanean, aurrena gela desplazatuak martxan jartzeko, eta ondoren, bertako eskaintza zabaldu eta hobetzeko. Marijose Arregi Hezkuntza zinegotziak «pozik» hartu du Hizkuntza Eskolaren erabakia. «Ia –dio- eskola guztietan eskariak gainditu egiten du eskaintza baina pauso bat gehiago eman dugu. Azkoitian plaza bat gehitzeak esan nahi du bat gutxiago dela klaseetara beste herri batera joan behar duena. Gainera, orain arte eskaintza ingelesera mugatzen zen eta orain alemana gehitzea oso berri ona da».

Alemana 14 urtetik gora

Hizkuntza Eskola Ofizialean matrikula egiteko ezinbesteko baldintza da 16 urte izatea. Alemanaren kasuan, ordea, gutxieneko adina 14 urtera jaisten da, atzerriko bigarren hizkuntza gisa hartzen delako alemana DBHn.

Matrikula epea

Matrikula egiteko epea irailaren 1etik 18ra izango da. Matrikula online egin behar da Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide