Udalak 1.135.000 euro bideratuko ditu herrian hainbat proiektu garatzeko

Maxixatzen.eus 2017ko uzt. 13a, 12:34

Udalak 1.135.000 euro bideratuko ditu herrian hainbat proiektu aurrera eramateko. Hori ahalbidetzeko, kreditu aldaketa onartu zen atzoko ez ohiko udal osoaren bilkuran, hainbat partidatako diru-kopuruak handituz eta beste berri batzuk sortuz. Finantzatzeko 2016ko gerakinaren zati bat erabiliko da.

 

Onartutako Udalaren kreditu aldaketa 1.171.869 eurokoa da eta Elkargunekoa 57.000 eurokoa. Aurreikusitako exekuzio berrien artean azpimarratzekoa da Madariagan eraikiko den auzo-etxea, auzotarrentzat topaleku bat, alegia. Halaber, komun publikoak ere jarriko dira. 72.000 euro bideratuko dira Madariagara aipatu esku-hartzeetarako. Udalaren finantzazioaz gain, Eusko Jaurlaritzatik 107.000 euroko diru-laguntza jasoko da. 

Floreaga auzoko urbanizazio eta asfaltatze lanetarako beste 250.000 euro jarri ditu Udalak. Elkargunean, bestalde, rokodromo berria eraikiko da eta estalitako igerilekuetan LED argiak jarriko dira. Orain arte EPA Helduen Eskolak erabiltzen zuen gunea ere egokitu egingo da gazteria zerbitzuek dituzten toki arazoei konponbidea emateko. EPA tokiz aldatzeko asmoa du Udalak.

Txerloiko futbol zelaiko instalazioetarako 100.000 euro jarriko dira. Txerloian, batetik, harmailetako eserlekuak berritzea aurreikusten da, orain dauden egurrezko oholak ordezkatuz. Bestetik, sarrerak saltzeko estalitako leihatila bat eraiki nahi da eta azkenik, markagailu inguruan jarraitzaileentzat estalpe bat. San Juango futbol zelaian, beste lan batzuen artean, sarea jarriko da. 40.000 euro erabiliko dira horretarako.

Beste hainbat lan burutzeko, aurrekontu orokorretan diru-kopuru bat ezarrita dago, baina diru-kopuru hori handiagoa izango da. Esaterako, kaleak asfaltateko 210.000 euro erabiliko dira, pintaketa lanetarako 25.000 euro, ikastolan berogailu sistema berritzeko 40.000 euro, edota merkatu plazako bi lokal egokitzeko 60.000 euro.

Mantenimendu lanetan, kultur ekintzetan, hiri-altzairuetan edota hainbat elkartei emango zaizkien laguntzetan kantitate baxuagoak joango dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide