Urrategi auzoko jaiak ospatuko dituzte asteburuan

Maxixatzen.eus 2017ko uzt. 6a, 16:52

Datorren asteburuan Urrategi auzoko jaiak ospatuko dituzte. Uztailaren 7rako, ostirala, eta uztailaren 9rako, igandea, osatu dute egitaraua antolatzaileek.

 

Ostiralean, mus txapelketa azkarra jokatuko dute Urrategi auzoko elkartean. 22:00etan hasiko da txapelketa, eta irabazleei txapela, 300 euro eta oparia emango zaizkie. Bigarren sailkatutako bikoteari, 150 euro eta oparia, hirugarren sailkatutakoari Isidro Erretegian afaria eta oparia, eta laugarren sailkatutako bikoteari bi oilasko eta oparia emango zaizkie.

Igandean Urrategi auzoko eguna ospatuko dute. 09:00etan meza izango da, 10:45ean, Urrategiko Amaren 400. urteurrena dela eta, Juan Bautista Mendizabalek hitzaldia emango du, eta 11:00etan meza nagusia ospatuko da.

Ondoren, 12:00etan, Angel Larrañaga eta 'Loidisaletxe' bertsolarien saioa izango da. 12:30ean, berriz, proba konbinatuko herri kirol saioa jokatuko dute: Urrestila auzoko Mikel Larrañaga eta Xabier Aranburu 'Guzta' lehiatuko dira alde batetik, eta bestetik, Urrategi auzoko 'Txikia IV.a' eta 'Goenatxo III.a' arituko dira. Bazkalaurretik, 13:30ean, Zabale eta Larrañaga trikitilariek erromeria eskainiko dute.

Arratsaldean, 16:30ean, Gorriti eta bere abereak Urrategin izango dira, eta ordu berean ume-jolasak puzgarriak eta tailerrak egiteko aukera izango da. 18:00etan, Irizar Etxetxoko Yerman astoa eta Mendaroko 'Tope Natxiok' giza proba taldearen arteko dema saioa egingo dute. Demaren ostean, berriz, Zabale eta Larrañaga trikitilariek erromeria eskainiko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide