Atzo hodi bat lehertu zen eta ordu batzuetan urik gabe geratu ziren zonaldeko bizilagunak. Hodia lau tokitan puskatu zen arratsalde eta gau partean. Lehenengo leherketa 17:00ak inguruan gertatu zen eta 21:30erako etxe askotan konpondua zegoen arazoa. Beste batzuetan, ordea, 23:30 arte itxaron behar izan zuten. Lanak gau erdian bukatu zituzten, lehenbailehen normaltasunera bueltatzeko "sekulako ahalegina" egin ostean.
Hoditeriaren erresistentzia bermatu ezin denez, Gipuzkoako Urak astelehenean bertan hasiko da hodia aldatzeko lanak burutzen, eta pare bat asteko iraupena izango dute. Lehenik eta behin, hodi zaharra erabileratik kanpo utzi behar da eta horretarako hodi batetik besterako sistema alternatibo bat jarri beharko da aurrez ura etxe guztietara heltzeko.
Julio Urkijo etorbideko 3 eta 23 zenbakien arteko hodia aldatuko da, alegia, Eroski supermerkatu paretik M. Sol elektrizitate denda parera doana. "Gipuzkoako Urak-ek bere esku dauden neurriak hartuko ditu lanek ahalik eta eragozpen gutxien sor ditzaten", adierazi dute Udaletik. "Guztiak saihestea ezinezkoa izango den arren, lanak arazoari behin betiko konponbidea ematea espero da".