Euskara Plus programa, 'euskaltegira joan aurreko pausoa' dela dio Pako Aristi idazle eta irakasleak

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 26a, 11:16

Diplomen banaketarekin eman zaio amaiera Euskara Plus programaren baitan aurten eskainitako bigarren ikastaroari. Hamar lagunek hartu dute parte eta menpekotasuna duten edo adineko pertsonen zaintzan beharrezkoa den oinarrizko hiztegia landu dute.

 

Lau herrialdetako partaideek osatu dute taldea: Kroazia, Maroko, Venezuela eta Pakistan. Banaiz Bagara elkartearen eskutik, San Jose egoitzan egindako saioetan hiru irakasle izan dituzte, haietako bat, Pako Aristi idazle ezaguna. Nekane Larrañaga eta Marijose Arregi zinegotziekin batera diploma banaketa ekitaldian izan da Aristi. “Batzuk ez zekiten ezertxo ere euskaraz eta oinarrizko hiztegia landu dugu. Agurra nola egin, arropen izenak… zeren batek esaten zidan, adibidez, iaz euskaltegira hasi zela, baina ez zuela tutik ere ulertzen. Hau euskaltegira joan aurreko pausoa da, bitarteko bidea”.

Defentsa mekanismoak ere erakutsi dizkie, Aristiren hitzetan. “Esaten diegu beti erabiltzeko “mesedez”, “eskerrik asko”, “barkatu, ikasten ari naiz” eta halakoak. Euskaraz hasteak jendeari bihotza irekitzen diolako”. Euskara Plus programa gizarteratze tresna da, euskara, lana eta integrazioa uztartzen baititu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide