Azken aldian pil-pilean daude musikariak Azkoitian: Passepartout eta Lizarralde aita-alabak oholtzak zapaltzera animatu dira, eta beste talde berri bat ere gehitu da zerrendara: Hartz. Hiru azkoitiar gaztek osatzen dute taldea: Beñat Rodriguezek (ahotsa eta gitarra), Intza Arakistainek (bateria) eta Asier Etxeberriak (baxua). Etiketen “oso zaleak” ez badira ere, rock musika sortzen dutela diote.
Rodriguezek eta Arakistainek sortu zuten taldea, duela urtebete, Etxeberria Danimarkan ikasten ari zenean. “Bertsio batzuk prestatzen hasi ginen orduan, eta Etxeberria itzuli zenean, hirurok elkarrekin jarraitzea erabaki genuen”, adierazi du Arakistainek.