Zapatu honetan izango da Azkoitiko rallysprinta Azkarate zaharrean

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 18a, 10:31

Errebueltie Azkoitiko Motor Klubeko kideak, Angel Martin kiroletako zinegotzia, pilotuak eta Automobilismo Federazioko ordezkariak.

Zapatu honetan izango da IX. Azkoitiko Rallysprinta Azkarateko bide zaharretik barrena, Errebueltie Eskudeixek antolatuta. 52 parte hartzailek eman dute izena, eta horietatik sei dira azkoitiarrak: Iraitz Olariaga, Xabier Lizarralde, Mikel Madinabeitia, Asier Aldalur, Xuban Aranbarri eta Imanol Aizpuru. Bederatzi kilometroko ibilbidean, hiru aldiz igaroko dira autoak.

 

Proba Azkarate zaharrean izango da eta 14:30ean hasiko da. Ordubete lehenago itxiko dute errepidea. Goizean zehar Azkoitiko plazan egingo dituzte egiaztapenak. Bukaera 19:30 inguruan aurreikusten dute, eta 20:00etan izango da sari ematea Plaza Berrin.

Ikusleentzat prestatutako guneak jarriko dituzte, eta arduraz jokatzeko eta zaborrik ez uzteko eskatzen dute antolatzaileek. Gainera, aholkatu dute jendea goiz inguratzeko eta goikaldeetako tokiak hartzeko. 

Bestalde, Azkarateko ibilgailu makalen erreia erabili ahalko da aparkatzeko. Halaber, Azkarate gainean Madariaga inguruan edota Elgoibarko San Lorenzo industriagunean ere autoak aparkatzeko aukera egongo da. 

Asteazken arratsaldean aurkeztu zuten aurtengo rallysprinta, Larramendi Torrean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide