Larunbat honetan, maiatzaren 20an, izango da gaztetxoen emanaldia. Arratsaldeko 18:30ean, hain zuzen. Eta ez da talde bakarra izango. Cor Infantil del Orfeó Catalá ere gonbidatu da Azkoitira eta bigarren zatian kataluniarrek abestuko dute.
26. Udaberriko Musikaldiko hirugarren kontzertua izango da larunbatekoa. Eta aurrekoetan bezala, 18:00etan autobusa jarriko da komentura joateko. Consum-Eroskitik aterako da.
Orfeoi Txikia Montse Latorre eta Esteban Urzelairen zuzendaritzapean arituko da, Amaia Zipitria pianoan dela. Javier Busto, Pablo Casals, Piotr Janczak edo Morten Lauridsen konpositoreen obrak abestuko dituzte, besteak beste.
Kataluniarrak, berriz, Glòia Coma Pedralsek zuzenduko ditu. Pau Casan izango dute pianoan eta Adam Lakti Khali perkusio-jole. Besteak beste, Xabier Sarasolaren “Lau euskal abesti” kantatuko dituzte.
Amaieran bi taldeek elkarrekin abestuko dituzte Juan Manénen “El cavaller enamorat” eta Javier Bustoren “Lafa lafa”.