Ane Leux eta Izaroren kontzertuak Elkargunean, datorren ostiralean

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 12a, 11:45

Gaztemaniaken eskutik, maiatzaren 19an, ostirala, pil-pilean dauden bi neska izango dira Elkarguneako eszenatokian musika maitaleen gozamenerako: Ane Leux eta Izaro.

 

Kontzertua gaueko 22:00etan izango da, eta sarrera 7 euro kostako da. Sarrerak Elkargunean salduko dira kontzertua hasi baino lehenago. Gaztemaniak Azkoitikoak eta beste hainbat udalek eta Foru Aldundiak sustatzen duten musika programa da, eskaintza komertzialaren interesgunetik kanpo geratzen diren korronte artistikoetako taldeen kontzertuak antolatzeko.

Ane Leux

Ane Leux azkeneko 9 urteak Colombian bizitu dituen Donostiako kantautore bat da. Bogotá-ko abesbatza eta taberneetan abesten hasi zen. Bere lehenengo abestiak Carlos Mendoza gitarra-jotzailearekin eta beste Colombiar musikariekin ekoiztu zituen, “Sense” bere lehenengo album estreinaldia eginik. Ikuitu beltzak, downtempo giroak eta zati latinoren bat zituen proposamena zen hau. Kutxa Kultur Musikako egonaldi artistikoetako proiektuan parte-hartzeko itzuli da Donostira, gaur egun John Berkhout, Luma eta Pet Fennec musika-taldeetako partaideekin batera dabil bere musika-taldean.

Izaro

1993ko gabonzahar egunean Mallabian jaiotako Izarok 2014an hasi zuen bere ibilbide musikala. Ordutik, artista gazte hau azkar eta pauso sendoz doa aurrera. “Paradise”, bere lehen abestia, “Pikadero” filmeko soinu bandarako hautatua izan zen, 2015eko Donostiako Zinemaldian parte hartu zuena. Erraietatik jaiotzen zaion musika intimo eta sentsibilitate sakonekoak ingurukoak harrapatzen ditu era saihestezinean. Izaro Om izeneko bere lehen diskoa aurkezten ari da orain. Berarekin lanean diharduten musikariak Iker Lauroba Alonso, Oriol Flores Arisa eta Ane Bastida Saiz dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide