Laguntzak eskatzeko irizpideak hainbat izan daitezke: batetik, ohiko euskara jarduerak egiteko. Kasu horretan eskaera aurkezteko epea ekainaren 30era artekoa da. Bestetik, enpresek eta establezimenduek aukera dute laguntza jasotzeko kanpoko errotuluak, irudi korporatiboa (poltsak, kartazalak, bisita txartelak, albaranak, e.a...), web orria eta programa informatiboak euskaratzeko. Baita publizitatea euskaraz egiteko ere. Horrela bada, eskatzaileek urriaren 31 baino lehen egin beharko dute eskaera. Enpresei dagokienez, euskara planak egiteko edo garatzeko diru laguntzak eskatzeko epea uztailaren 14an itxiko da.
Euskara ikasteko ematen diren laguntzek osatzen dute zerrenda. Ohiko ikastaroetara, trinkoetara edo barnetegira joateagatik eska daiteke diru laguntza. Baita UEU, EHU/UPV eta Hik Hasiren uda ikastaroetan parte hartzeagatik ere. Azken arrazoi horiengatik eskaera egiteko azken eguna irailaren 29a izango da.
Kopuruei dagokienez, webgunea euskaratzeagatik, publizitatea euskaraz egiteagatik edota materiala euskaratzeagatik, laguntzak kostuaren %60ra artekoak izan daitezke, kontuan hartuta gehiengo bat ezarrita dagoela.
Programa informatikoa euskaraz egiteagatik kostuaren %100 jaso dezake eskatzaileak, gehienez 600 euro izango liratekeelarik eta kanpoko errotulua euskaratzeagatik, berriz, %50, 360 euro gehienera jota.
Euskara ikasteko, berriz, ikastaroak gainditzeagatik matrikularen %75a jaso daiteke eta %70a ikastaro trinkoen, autoikaskuntzaren edota barnetegien kasuan, kontuan hartuta gehiengo bat dagoela.