Helburua da 18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairua partzialki ordaintzen laguntzea. Horretarako, etxea errentan hartuta izan behar da edo alokairu kontratua indarrean izan datorren uztailaren 20rako. Laguntza emateko epea hamabi hilabetekoa izango da.
Udalak guztira deialdi honetan 70.000 euro bideratuko ditu laguntzetara, 2017ko aurrekontuetan aurreikusi bezala. Iaz guztira 26 eskaera aurkeztu ziren eta 25 izan ziren onartuak. 64.430,25 euro bideratu ziren laguntzetara.
Etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan ahal izango dira onuradun, baldin eta alokairu-kontratua denek sinatzen badute banan-banan. Kasu horretan, eskatzaile bakoitza bizikidetza-unitate independentea dela ulertuko da, eta kontratuaren sinatzaileen artean proportzionalki banatuko da laguntza.
Deialdi hau 2017ko maiatzaren 2ko 82 zenbakia duen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialan argitaratutako ordenantzak arautzen du eta horren arabera banatuko dira laguntzak.