280 haur inguruk hartu dute parte 52. edizioko Azkoitiko haurren danborradan. Ane Larrañagak diseinatutako jantzi berriak estreinatu dituzte aurten ere bi konpainiak: abarketariena eta Umore Onarena. Karroza ere abarketariei eskainitakoa izan da.
Balda Plazan hasi eta hainbat kale zeharkatu ondoren, Plaza Berrian barrena, Plaza Nagusira joan dira danbor-joleak, eta Udalean harrera egin diete ordezkariek. Ondoren indarrak hartzeko ordua iritsi zaie txikiei. Umore Ona elkartean eurei eskainitako pieza jo aurretik, ogitartekoa jan dute eta freskagarriekin busti dute eztarria neska-mutilek egiten zuen beroa arintzeko.