Zer dela eta aurkeztu zara Bizenta Mogel ipuin lehiaketara? Zenbat aldiz aurkeztu zara?
Bizenta Mogel lehiaketara aurkezten naizen laugarren aldia izan da aurtengoa. Egia esan, lehenengo aldian kasualitatez aurkeztu nintzen. Hitza-n irakurri nuen albistea ipuinak aurkezteko epea baino aste batzuk lehenago, eta, denbora nuenez, ipuintxo bat idaztea pentsatu nuen. Lau-hamar orri bitartekoak izan behar dute, eta biloba batek bere aitonari idatzitako gutuntxo bat aurkeztu nuen. Orduan ere bigarren saria lortu nuen, eta, ordutik, urtero hartzen dut tartetxo bat uda amaieran, ipuinak normalean urri amaieran aurkeztu behar izaten dira eta.
Nola izan zen ‘Inoiz ez da berandu’ ipuina sortzeko prozesua?
Buruan ipuinaren ideia eduki eta zuk nahi duzun hori paperean borobiltzeko, denbora behar izaten da. Nik, hasieran, eskematxo bat egiten dut ipuineko gertakizun nagusiekin; irakurlearengan ordenak badu garrantzia, kontakizun osoan haren arreta lortzea baita helburua. Aurtengo ipuinean, gainera, idazteko bi estilo nahastu ditut: letra arruntez gertakizunak eta letra etzanez pentsamenduak. Bi gauza horiek hasieratik garbi nituen, eta gero ipuina idazten hasi nintzen, deskribapenak sartuz eta elkarrizketak osatuz.
Zer kontatzen du ipuinak? Fikzioa ala errealitatea da?
Inoiz ez da berandu errealitatea da, dudarik gabe. Urteak herritik urrun pasatu dituen neska bati buruzko istorioa da; nahiz eta fisikoki ez egon munduaren beste puntan, herriko lagunekin harremana galduz joan da urte horietan. Etorkizuneko plan guztiak zapuztu ondoren, etxera itzultzea erabakitzen du, baina pauso hori ematea ez zaio hain erraza egingo.
Zein helbururekin aurkezten dituzu ipuinak lehiaketara?
Idazten geroz eta gehiago gozatzen dudala aitortu behar dut. Gainera, neure buruarengan ere sumatzen dut halako eboluzio bat. Badakit Bizenta Mogel lehiaketan ipuinen maila gorantz doala urtetik urtera, eta ez nuen espero saridunen artean egoterik. Sekulako poza izaten da udaletik deitu eta zure lana saritua izan dela esaten dizutenean, norbaitek zure ideia baloratu duen seinale. Gainera, Euskal Herri osoko jendea aurkezten da, eta hiru onenen artean herritar bat egoteak oraindik eta poz handiagoa ematen dit.
Beste literatura lehiaketa batean parte hartu al duzu inoiz?
Zarauzko Xabier Lizardi sariketara ere aurkeztu izan dut ipuinen bat edo beste; haur eta gaztetxoentzako literatura lehiaketa izaten da hangoa. Idazteko asko gustatzen zaidan generoa da, aukera asko ematen baititu.
Ipuinak idazten jarraituko al duzu aurrerantzean?
Irakurtzea ikaragarri gustatzen zait, eta askotariko nobelak irakurtzen ditut. Idaztea, ordea, zailagoa da. Noizbait ideiaren bat bururatzen bazait, koadernotxo batean apuntatzen dut, eta dagoeneko baditut bi ideia edo. Orain denbora hartzea falta zait horiek borobiltzeko. Denbora ere behar dela azpimarratu nahi dut; izan ere, norberak idatzia handik egun edo aste batzuetara irakurri ondoren, sentsazioak ere alda daitezke.
Eta lehiaketara ipuinak aurkezten segitzeko asmoa al duzu?
Bizenta Mogel lehiaketan parte hartzen jarraituko dut, noski, eta, nork daki, bitartean beste ipuintxoren bat idazten badut, beste literatur lehiaketetara aurkezten ere has ninteke.
Azkenik, tartetxo hau aprobetxatu nahiko nuke eskerrak emateko lehiaketa hau martxan jartzen eta mantentzen lan egiten duten guztiei. Eta, era berean, herritarrak parte hartzera animatu nahiko nituzke, herrian badelako jende sortzailea.
Mikel Sudupe Martija (Azkoitia, 1948), Bizenta Mogel ipuin lehiaketako epaimahaikidea
"Saiatzen den oroko irabaziak ditu gure animoak eta txaloak"
Nolatan hasi zinen Bizenta Mogel lehiaketako epaimahaikide?
1982. urtean hasi zen Bizenta Mogel lehiaketa, eta urte hartan ez nintzen epaimahaikide izan. Hurrengo urtean, ordea, Mª Pilar Cuendek deitu zidan, eta Patxi Alberdi salestarrarekin batera orain arteko bideari eutsi diogu. Joxe Agustin Arrieta apaizak bakarrik jarraitu zuen lehenengo epaimahaikideetatik, eta 1984an, berriz, Reme Larrañaga ere batu zitzaigun.
Zenbat lagun zaudete taldean?
Urteetan kopurua aldatzen joan da. Gaur egun lau kidek osatzen dugu taldea.
Zein osagai izan behar ditu ipuin on batek?
Gai nagusiari ematen zaion tratua, irakurlearengan sortzen duen interesa, narratzailearen erritmoa, pertsonaien eta kokapenaren deskribapena eta euskara maila. Narratzaileak gai izan behar du irizpide horiek guztiak modu egokian josteko hizkuntzaren bitartez. Hori guztia kontutan hartuta erabakitzen dugu zein izango diren hiru ipuin sarituak.
Urte hauetan guztietan lehiaketara aurkeztu direnen artean, ba al duzu ipuin kuttunik? Zergatik?
Mota askotariko ipuinak azaltzen dira; esango nuke amodiozkoak direla ugarienak. Urtero egon ohi dira goi mailako ipuinak. Kuttunena? Gauzak ahaztu egiten dira, eta hogeita hamabost urtean ipuin on asko izan dira. Baina, bat aukeratzekotan, aurtengo irabazlearen Iraganaren orbela aipatuko nuke, Markinako Iraitz Legarrarena: bi istorio desberdin elkarri loturik, maitasunaren inguruan aurrera eta atzera denboran mugituz. Bizitzaren eta naturaren arteko konparazio bat bezala, udazkena, orbela, bizitza... Sentsibilitate handiz eta euskara bikainean taxututako lana da.
Hainbeste urtean, zerbaitek harritu al zaitu? Anekdotarik-edo ba al duzu?
Gure lana isila da. Inoiz ez dugu kexarik jaso. Hala ere, ipuinak birritan irakurtzea tokatu izan zaigu, guk saritutakoren bat beste lehiaketa batean saritua izan zelako, eta, beraz, ordezkoak aukeratu behar izan genituen.
Zenbat lan jaso dituzue aurten? Nolakoa izan da bilakaera? Hazten edo gutxitzen joan da ipuin kopurua?
Aurten 33 ipuin aurkeztu dira, eta lehenengo urtean zortzi izan ziren. Urtez urte gorabehera batzuk egon ohi dira, baina gaur egun lehiaketa nahiko egonkortua dago.
Aholkuren bat emango al zenieke lehiaketara aurkezten direnei?
Idazteari ez uzteko eta sarituak ez izan arren imajinazioa lantzen jarraitzeko. Horrez gain, ipuin irakurterraza izatea baldintza behinena denez, euskara asko lantzea ere gomendatuko nuke.
Euskarari dagokionez, nolako maila dago?
Denetarik azaltzen zaigu. Ohartzen gara batzuek ahalegin berezia egiten dutela. Beste batzuek, aldiz, ez dute beharrezko maila ematen: hitzetan, joskeretan.. Nahiko trakets idatzitako ipuinak ere iristen dira. Dena den, oro har maila nahiko ona dela baieztatuko nuke, eta saiatzen den orok irabaziak ditu gure animoak eta txaloak.
Zer da zuretzat epaitzeko zailena? Eta errazena?
Lan nekezena ipuin denak irakurtzea izaten da. Onenak aukeratzeak ez digu hainbeste lan ematen. Urtero izaten dira bizpahiru gailentzen direnak. Epaimahaikide bakoitzak aurkezten du lanen bere balorazioa, eta guztion artean adosten ditugu sarituak eta txapelduna. Esan gabe doa izan ohi ditugula tirabirak.
Izenburu ona izatea garrantzitsua al da?
Ez nuke esango izenburuak ipuinaren kalitatea islatu behar duenik. Izenburuak maiz ahazten zaizkigu; ipuinaren muinak eta mamiak, aldiz, gogoan irauten du.
Nolako maila du Azkoitiko ipuin lehiaketak?
Maila ona dela baiezta dezaket. Lehiaketa honetan, besteak beste, Antton Aranburu, Xabier Mendiguren, Iñigo Aranbarri eta Felipe Juaristi idazleek parte hartu izan dute. Egun idazle bikainak diren horiek lehiaketa honetan parte hartu izanak erakusten du maila ona dagoela.
Nolako garrantzia du, zure ustez, lehiaketak? Beharrezkoa al da lehiaketari eustea?
Garrantzitsua dela esango nuke. Kultura bultzatzeko dauden egitasmo guztiak herriarentzat oso aberasgarriak direla uste dut.
Aurten liburu bat ere atera dute.
Araudiak horixe dio, irabazleen lanak argitaratuak izango direla, eta horren ondorio ere bada liburu hau.