Ostiral Santu arratsaldeko prozesioan lau emakume aterako dira: hain zuzen ere, Maialen Silvan, Monika Lorenzo, Nagore Silvan eta Nerea Machado. Iaz, proba modura, gizonekin txandakatuz egin zituzten ibilbideko zati batzuk –iaz Maialen Silvanen ordez beste emakume bat atera zen–, baina aurtengoan, lehen aldiz, beraiek egingo dute ibilbidea osorik. XVII. mendean hasi ziren Azkoitian prozesioak egiten, eta, ohituraz, gizonak izan dira zeremonia horietako protagonistak. Baina historia aldatu dute lau emakumeek.
Jendea behar zutela eta, katekesiko guraso talde bat pasoen prestaketetan laguntzen hasi zen. Eta, ondoren, jakin zuten pasoak eramateko jendea behar zutela. “Azkoitiko paso batzuek pisu handia dute, eta esan ziguten konplikatua dela horiek eramateko jendea bilatzea, jende indartsua behar delako. Jakin genuen, agian, iazko Aste Santuan ezingo zela pasoren bat atera, jende faltagatik”, azaldu du Nagore Silvanek. Orduan, argi esan zuten: “Guk eramango dugu horietako bat”.