Aste Santuko eskaintza turistikoa aurkeztu du Udalak Aldundian

Maxixatzen.eus 2017ko api. 7a, 09:14

Javier Zubizarreta alkatea azalpenak ematen. (Argazkia: Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Udalak prentsa agerraldia egin zuen, atzo, Gipuzkoako Foru Aldundian, Kultura eta Turismoko diputatu Denis Itxaso buru dela, Hondarribiko eta Segurako Udalekin batera Aste Santuko eskaintza aurkezteko. Hiru alkateek, Txomin Sagarzazuk, Eñaut Telleriak eta Javier Zubizarretak Aste Santuaren izaera turistikoa aldarrikatu zuten.

 

Ostiral Santu egunean bi prozesio egiten dira. Lehena, arratsaldekoa, Jesusen Nekaldi eta Heriotzarena da. 13 pauso ateratzen dira eta 18:00etan hasten da. Gauekoa, 21:30ean ateratzen da, Hilobirako Prozesio Santua. Armatuen lantzen soinua nahasten da Chopinen hileta-martxaren doinuarekin eta Aldalur konpositore azkoitiarraren “Agur” kantarekin. Ehunka azkoitiarrek hartzen dute parte desfilean kandelak eskuetan hartuta. San Frantziskoko ermitara joaten dira Ama Doloretakoari abestera.

Aurten ere emakume talde batek eramango du “Jesus gurutzea bizkarrean daramala” irudia. Iaz atera ziren estrainekoz emakumeak pausua eramateko, baina proba gisa tarte batean bakarrik eraman zuten gai ote ziren ikusteko eta esperientzia probatzeko.

Garai batean, kale edo auzo bakoitzak bere pausoa zuen eta irudi haren atzetik joaten ziren auzotarrak prozesioan. Gaur egun, herriko elkarteak dira irudi gehienak ateratzearen ardura dutenak. Antolakuntzan 300 boluntariok hartuko dute parte.

Ikusi aurkezpena, bideoan

Bisita gidatuak eta autobus zerbitzua Loiolako Santutegitik

Aste Santuko ospakizunen osagarri, Azkoitiko Udalak bisita gidatuak antolatu ditu "herriko ondare historiko, artistiko zein kulturala balioan jartzeko". Ondorengo bisitak egin daitezke:

            - “Andre Mari Jasokundearen Eliza Nagusia eta Aste Santuko irudiak”

            - “Azkoitiko gune historikoa, Multzo Monumental izendatua”

            - “ Intsausti Jauregia. Zalduntxoen Azkoitia”

            - “Azkoitiko Inaziotar guneak”

Gainera, autobus zerbitzua jarriko da Loiolako Santutegitik Azkoitira joateko bai bisita gidatuetara, bai prozesioetara.

Bisita gidatuei buruzko informazio gehiago:

i-loiola@urolaturismo.eus 943 15 18 78  / kultu@azkoitia.eus 943 85 71 70

Prozesioei buruzko informazio gehiago: 606 17 53 56 (Juan Bautista Mendizabal).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide