Mikel Zubizarreta: 'Ez dago uraren kalitateaz arduratzeko arrazoirik Azkoitian'

Maxixatzen.eus 2017ko api. 3a, 18:02

Udalak eta Ur Kontsortzioak argitu nahi dute ez daukatela inolako zerikusirik egun hauetan Azkoitiko etxebizitzetan ur iragazkiak eskaintzen ari den enpresarekin. Izan ere, herritarren artean iruzurraren susmoa piztu da etxez etxe egiten ari diren bisiten ondorioz. Enpresak telefonoz hitzordua eskatu eta behin etxean, ura ustez hobetzeko iragazkiak eskaintzen ditu.

 

Udalak eta Kontsortzioak argitu nahi dute ez daukatela zerikusirik horrelako bisitekin eta arretaz jokatzeko aholkatzen dute. “Garrantzitsua da jakitea, Azkoitiko uraren kalitatea oso ona dela. Ez dago zalantzarik horretan. Kontsumitzen den produktua denez, Osakidetzak eta Gipuzkoako Urak-ek egiten dituzte kontrolak eta ziurta dezakegu parametro guztiak betetzen dituela”, dio Ur Kontsortzioaren Azkoitiko arduradun Mikel Zubizarretak.

 “Azkoitiko urak ez du inolako iragazkirik behar. Iragazkiak jartzen dira tratatu gabeko ura denean edota karea edo beste elementu fisiko edo kimiko altua duten kasuetan. Horrelako ezer ez da Azkoitian gertatzen. Ez dago uraren kalitateaz arduratzeko arrazoirik”.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide