Urak baretuta, zabalik dago Floreagako meskita

Maxixatzen.eus 2017ko api. 9a, 08:00

Hasni Raba (Aljeria, 1973) meskitako lehendakaria.

Joan den urtarrilaren 10ean ireki zuten ofizialki Azkoitiko meskita, eta, ordutik, Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko musulmanak egunero bost aldiz biltzen dira Ala jainkoari otoitz egiteko.

 

Joan den urtarrilaren 10ean ireki zuten ofizialki Azkoitiko meskita, eta, ordutik, Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko musulmanak egunero bost aldiz biltzen dira Ala jainkoari otoitz egiteko.

Zeresan asko eman du azken urteetan herrian lokal horrek, eta bizilagun batzuen artean errezeloa eta ezinegona piztu zuen: ezin ahaztu 2015ean hainbat bizilagunek meskitaren aurka auzoan egin zuten elkarretaratzea. Hori dela eta, Maxixatzen harremanetan jarri da orduko bizilagunen bozeramailea izan zenarekin, gaur egun gauzak nola dauden jakiteko, baina ez du nahi izan aldizkariarekin hitz egin.

Meskita barrura sartu gara, eta, tea eta opilak eskainiz, harrera beroa egin digu Hasni Raba meskitako lehendakariak (Aljeria, 1973). 1.260 metro karratu ditu lokalak, eta, errezatzeko gelaz gain, aldagela bat eta bainugela dituzte. Nahi zutena baino txikiagoa da lokala: “Batzuetan ez gara ondo sartzen”, dio Rabak.

Lehendakariak azaldu du “diru asko” gastatu dutela meskita eraikitzeko, akustika aldetik batez ere. Dekorazioa ere dena eskuz landutakoa da, baina ezagun batzuek lan horretan borondatez esku bat bota ziotela esan du. Azkoitikoa “oso meskita sinplea” dela dio Rabak.

 

Jendetsuenak, ostiralak

Ostiraletako khotba edo meza berezia eta sakratua da musulmanentzat, eta luzeagoa ere bada: 15-20 minutu artekoa izaten da. Horregatik, ostiraletan jende gehiago joaten da meskitara, 300 lagun inguru, eta gela osoa betetzen da. Herrialde askotako musulmanak elkartzen dira: aljeriarrak, marokoarrak, pakistandarrak…

Erlijioak egunero bost aldiz otoitz egitera behartzen ditu musulmanak, haur, gazte nahiz heldu. “Profetak 50 otoitzaldi zirela esan zigun, baina Ala jainkoak bostera gutxitu zituen. Beraz, guretzat bost ez da asko”, dio Rabak. Hamar minutuko errezoak izaten dira gutxi gorabehera. Emakumezkoak, ordea, ez daude behartuta egunero bost aldiz meskitara joatera; etxean errezatzeko aukera dute. Hamar bat emakume joaten dira meskitara, baina ezin dute gizonekin batera errezatu. Ez dira nahasten bi sexuak, eta bi taldetan bereizita errezatzen dute. Imama mihrab edo aldarean jartzen da otoitzean, eta Korana irakurtzen die. Guztiek Mekara begira otoitz egiten dute, lerroetan jarrita.

 

Bizilagunekin bizikidetza ona lortzea helburu

Bizilagunek meskitaren inguruan agertutako errezeloak normaltzat hartu ditu, eta denborarekin bizikidetza ona lortzeko esperantza erakutsi du, gainera.2015ean elkarretaratzeak egin zituzten bizilagunek auzoan, eta mezu arrazistak entzun ziren. Otsailaren 4an ateak irekitzeko eguna antolatu zuten, eta, keinu horrekin, herritarrei meskitan zer egiten duten erakutsi eta azaldu nahi izan zieten. “Jendeak jakitea nahi dugu zer egiten dugun meskitaren barruan, eta zerbait galdetu nahi badigute ere, gu prest gaude edozer azaltzeko. Meskita hau ez da guretzat bakarrik: azkoitiar guztientzat da. Edonoiz etor daitezke meza entzutera ere, jakin dezaten hemen ez dugula egiten ezer arrarorik”.

Lehendakariak uste du “normala” dela bizilagunak kexatzea. Dioenez, ulertu zuten jendearen jarrera hura: “Jendeak ez zuen meskitaren berri, eta barkamena eskatu behar diegu horregatik. Obran ere etorri ziren, gazteak zein helduak, ‘zer da hau?’, ‘Zer egiten ari zarete?’ eta halakoak galdetzera. Gauza txarrak ere entzun behar izan ditugu, baina, tira, beti daude gauzak gaizki egiten dituzten pertsonak, eta berdin du zein erlijiotakoak diren. Ez dugu ezer orokortu behar. Jende ona eta txarra dago gizartean. Lokal hau guztiena da, eta hona sartzeko ez dute baimenik eskatu beharrik. Oraindik errezelo handia dago auzoan, eta badaude gaizki begiratzen digutenak ere. Baina denborarekin hobetuko dugula bizikidetza hori, seguru”.

 

Harreman ona udalarekin

Udalarekin hasieratik “oso harreman ona” izan dutela dio lehendakariak. “Erraztasunak eman dizkigute edozertarako”, esan du. “Zerbait eskatzen genuenean, segituan etortzen ziren. Oso onak dira; gurekin oso ondo portatu dira”. Gobernu aldaketak eraginik izan ote duen galdetuta, esan dute ez dutela aldaketarik antzeman, “denak ondo” jarraitu duela.

Duela hamar urte hasi ziren meskita eraikitzeko baimena eskatzen udalean, 2007an. Gaur egungo lokala erosi nahi zuten, modu pribatuan, eta ondoren meskita eraiki. Meskita eraikitzeko baimena udalak eman behar zien, ordea, eta “pixka bat kostatu” zitzaiela aitortu du Rabak. “Udalak ez zuen hasieran gaia serio hartzen, baina gerora, 2013an, proiektuari heldu zioten, eta ordutik dena errazagoa izan da. Azkenean, 2014aren amaieran eman ziguten meskita eraikitzeko obraren lizentzia".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide