Noiz utzi zenuen Dominikar Errepublika?
2002. urteko abuztuaren 8an, hain justu. Egun hori oso gogoan daukat, lehen aldia baitzen handik ateratzen nintzena. Gogorra eta tristea izan zen, baina konfiantza osoz etorri nintzen Azkoitira. Izan ere, nire gizona azkoitiarra da, eta harekin batera etortzeak asko lagundu zidan.
Zer-nolako zailtasunekin topo egin zenuen?
Familia han uztea izan da zailena, ama, seme-alabak… Hala ere, seme bat Azkoitira etorri zen gugana, eta zortzi urte pasatu ditu hemen, baina berriro itzuli behar izan du, langabezian zegoela eta. Nire ahizpa ere, nahiz eta orain ez izan gure artean, Azkoitira etorri eta gurekin bizi izan zen. Horrez gain, Laredon, adibidez, familiako kide asko ditut, lehengusu mordoa, eta elkar asko bisitatzen dugu. Familiaren zati handi bat hemen izateak asko laguntzen du, horrek zure herrialdetik gertuago sentiarazten baitzaitu. Hala ere, urtero joaten naiz Dominikar Errepublikara familia bisitatzera.
Nolako egoera utzi zenuen han?
Pobrezia handia dago han, eta jendea etorkizun hobe baten bila ateratzen da handik, aukera berrien bila.
Hasieratik gelditzeko asmoz etorri al zinen?
Hasieratik nekien luzerako nentorrela. Gainera, ez dut inolako eragozpen edo trabarik izan; hasiera-hasieratik oso ondo hartu naute bai senideek bai azkoitiarrek. Pentsa, jada 14 urte pasatu ditut hemen, eta azkoitiar bat gehiago sentitzen naiz; dominikar azkoitiarra naizela diot nik.
Euskararen berririk ba al zenuen hona iritsi aurretik?
Ez nekien euskaraz ezer. Nik betidanik gazteleraz egin dut, eta gazteleraz hitz egiten zela pentsatzen nuen. Segituan ohartu nintzen, ordea, zer-nolako pisua duen hemen euskarak. Etorri nintzenean ez nuen planteatu ere egin euskaraz ikastea, baina orain jabetu naiz zenbaterainoko garrantzia duen, eta, egia esan, asko gustatuko litzaidake zertxobait bada ere jakitea.
Azkoitiko tokirik kuttunena?
Azkoitia oro har asko gustatzen zait, baina, zerbait aukeratzekotan, alde zaharrarekin gelditzen naiz; ni bertan bizi naiz, eta atsegin dut.