Egitasmoaren helburua da pertsona nagusientzat herri lagunkoiago bat eratzea, eta hori lortzeko Udalak hartu beharko lituzkeen neurriak definitzea. Zortzi eremu ezberdin aztertzen dira. Horretarako, taldea hilean behin biltzen da esku artean dituzten gaiak jorratzeko. Eta horretaz gain, adinekoen egoeraren diagnostiko zehatza egin ahal izateko herrian galdeketa egingo da. Galdeketa horren diseinua landuko dute, hain zuzen, hurrengo bileran.
Matia Fundazioko Erlantz Allur ikertzaileak zuzentzen ditu bilerak. Orain arteko erronka nagusia taldea osatzea zen eta badirudi lortu dutela: "Urtarrilean egindako azkenengo bileran talde kontsolidatu bat ikusi nuen. Orain arte, aldiro elkar aurkezten aritzen ginen beti aurpegi berriak zeudelako. Eta orain badirudi taldea badagoela eta beraz, hemendik aurrera hasiko gara emaitzak ikusten", dio Allurrek.
Hilean behin biltzen da taldea Elkargunean lan dinamikari eusteko. Bilerak asteazkenetan, 18:00etan, izan ohi dira, baina bilera bakoitzean erabakitzen dute data.