Azkoitia Lagunkoiaren helburu nagusia da adineko pertsonentzat herri lagunkoi bat eratzea, zahartze aktiboa sustatuz. Horretarako, ordea, pertsona aktiboen parte hartzea beharrezkoa da lan talde bat osatuz. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzak sustatzen du eta Azkoitian bezala, beste hainbat herritan ari dira garatzen. Finean, proiektuaren asmoa da udalerriaren hobekuntzan herritarrek parte hartzea.
Horretarako, besteak beste, hobekuntza eremuak aztertzen dira. Besteekin partekatzeko gune ireki eta zabalak, adinekoen beharretara egokitutako espazioak, auzokoen artean ematen den laguntza, gainerako belaunaldiekin harremana izatea, formazioa jasotzea edota ongizate mailan eskaintzen diren baliabideak ezagutzea dira egitasmoak sustatzen dituen esku-hartze eremuak eta horiek hobetzeko egiten du lan taldeak.
Matia Fundazioko Erlantz Allur ikertzaileak zuzentzen ditu saioak. Oraingoz erronka da taldea sendotzea urrats berriak ematen hasteko. Lehen helburu bezala diagnostiko bat egin nahi dute, eta horretarako inkesta bat bideratuko dute laster Azkotiko adinduen artean.