Udaltzaingoak kontrola areagotuko du asteburuetan, kaleko edanaren ondorioak saihesteko

Maxixatzen.eus 2016ko abe. 30a, 09:49

Udaltzaingoak zaintza eta kontrola areagotu ditu asteburuetan alkoholaren eta drogen kontsumoa saihesteko adingabeen artean. Protokolo bera jarraituko dute Urtezahar gauean ere, herriko kaleetan normaltasuna bermatzeko.

 

Gainera, kalean alkohola kontsumitzen ari direnak adin txikikoak izanez gero, udaltzainek identifikatzeko eskatzen diete eta etxekoei, gurasoei edo tutoreei, gertaturikoa jakinarazten zaie.

Kale zurrutaren eraginak eragozteko harturiko erabakia irmoa dela azaldu du Udalak: "Seme-alaba nerabeak dituzten gurasoen kezka nagusia da eta Udala jakitun da. Guztiz partekatzen du gurasoen kezka hori". Horregatik, hainbat lan ildo abiatu ditu asteburuetan "kontsumoek eta gizabidezkoak ez diren jokabideek" eragiten dituzten ondorioak arintzeko. Horretarako, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak etengabeko lankidetzan eta koordinaziopean dihardutela azaldu du Udalak.

Asteburuetan kontrola areagotzeaz gain, Udala ordenantza bat egiten ari da gune publikoen okupazioa arautzeko eta bestetik, tabernen ordutegia arrazionalizatzeko proposamen bat lantzen dihardu.

Udalak herritarren kolaborazioa eskatzen du errespetua eta bizikidetza sustatzeko herriko kaleetan.

Objektu piroteknikoen debekua

Halaber, Urtezahar gauari begira, objektu piroteknikoen arriskuez ohartarazi du Udalak, eta haien erabilpena galarazita dagoela gogorarazi du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide