Igandean, hilaren 18an, herriko plazan produktu ezberdinen postuak jarriko dituzte, eta horrez gain, parte hartuko duten tabernen artean pintxo lehiaketa egingo dute: Ibai-Ondo, Orbela, Tta-Kun eta Bai Azkoitia Batzokia tabernek hartuko dute parte lehiaketan. Etxeko produktuekin egingo dituzte pintxoak, eta Irizar Sukaldaritza Eskolak emango du saria. Bigarren sari bat ere egongo da, hori herritarren bozken bidez erabakiko dute.
Bestalde, Erniarraitz Bertsozale elkarteak ere parte hartuko du, eta tabernetan bertsotan arituko dira bertsolariak. Halaber, Muria Culla musikariak joko du, indie pop eta folk alternatiboko doinuak.
Haurrentzako, berriz, baratza didaktikoak jarriko dituzte, elikadura osasungarriaren inguruko jolas ezberdinak antolatuz.
Gozatu Gipuzkoa 11:30etik 18:30era luzatuko da. Pintxo dastaketa eguerdi partean izango da, eta arratsaldean egingo da sari banaketa.
Gozatu Gipuzkoa Azkoitian egingo dute estrainekoz, eta asmoa da ondoren 10.000 biztanletik gora dituzten herri guztietara zabaltzea. Esaterako, Eibarren, Oiartzunen, Beasainen, Orion edota Hernanin egingo dute.