Beninera bidaltzeko janari bilketa abiatu dute

Maxixatzen.eus 2016ko abe. 12a, 15:58

Argazkian, Gazteak eta Garapena taldeko kideak iazko janari bilketan.

Gazteak eta Garapena salestar taldeak 2016ko kanpaina abiatu du Janari bilketa Afrikarako: #lagun iezaguzu, galtzen ez diren janariak bidaliz! izenburupean. Kanpainaren helburua da janariz betetako edukiontzia bidaltzea Beninera. Jaki hauek bidaliko dituzte, besteak beste: arroza, dilistak, babak eta pasta. "Ondo kontserbatzen eta asko estimatzen dituzten janariak" bildu nahi dituzte.

 

Janari bilketa, Floreaga ikastetxean eta herriko dendetan

Janaria Floreaga ikastetxean jasoko dute, hango idazkaritzan edota ikasgeletan, abenduaren 22ra arte.

Horrez gain, Azkoitiko hainbat merkataritza gunetan eta janari dendetan ere egongo dira taldeko zenbait kide, abenduaren 16an eta 17an. Dendetako atean egongo dira, jendeari egoera azaltzeko eta laguntza eskatzeko.

Azkenik, bildutako janari guztia sailkatu eta Beninera bidaliko dute. 

Taldeari laguntzeko boluntarioak ere eskatu dituzte. Interesatuek deitu 605728881 telefonora edo galdetu Floreaga ikastetxeko harreran. 

Etengabeko laguntza, 2008tik 2016ra

Euskadiko Gazteak eta Garapena Gobernuz Kanpoko Garapenerako Erakundea Afrikako hainbat proiektu babesten saiatu da azken urteetan. Benin eta Togo nazioetan (Mendebaleko Sahara azpiko Afrika) eskaini izan du laguntza bereziki, hango jabego komunaleko putzuen eraikuntzarako diru-laguntzak emanez eta kaleko umeen aldeko hainbat ekimenetan zuzenean parte hartuz, 2008tik hona.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide