Lurraldebuseko langileen kaleratzeak eta "lan baldintza txarrak" salatu ditu ELAk

Maxixatzen.eus 2016ko abe. 6a, 13:32

Autobus enpresako kaleratzeak eta lan baldintza txarrak salatzeko gaur eguerdian La Guipuzcoanako garajearen aurrean egindako kontzentrazioa.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzu publikoa eskaintzen du Azkoitiko La Guipuzcoana autobus enpresak, eta ELAk salatu du langileen lan baldintzak "gero eta prekarioagoak" direla: egunean hamar ordu inguru sartzen dituzte, ez dute atsedenerako denboarik izaten, egutegiekin arazoak dituzte, gaueko gidariek ez dute segurtasunik, eta abar. Horrez gain, joan den astean La Guipuzcoana autobus enpresak bi langile "ezustean" kaleratu zituen, antza, Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio zerbitzurako aurrekontua murriztu duelako. ELAk egoeraren larritasuna salatu du gaur eguerdiko kontzentrazioan.

 

Egoera horretan, euren baldintzak hobetzeko hauteskunde sindikalen prozesua jarri dute martxan langileek, baina bitartean, enpresak bi pertsona kaleratu ditu. Horrez gain, Foru Aldundia zerbitzuaren murrizketa gehiago aplikatzen ari dela azaldu dute. ELAko Urola Kostako zerbitzuen arloko arduradun Janire Diazek azaldu du hauteskunde sindikalak bultzatzea "prozesu legitimoa eta duina" dela, eta langile guztiek dutela horretarako eskubidea. "Guk ez dugu onartzen kaleratzerik eta murrizketarik", gaineratu du Diazek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide