EH Bilduk erabakiak elkarlanean adosteko eskatu dio EAJri

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 24a, 10:37

Jon Ander Larramendi, Ainara Goenaga eta Iraitz OtaƱo Azkoitiko EH Bildu koalizioko zinegotziak.

Azkoitiko EH Bildu koazlizioak azaldu du eskua luzatzen diola beste behin EAJko Udal gobernuari, akordioetara iristeko beharrezkotzat jotzen dutelako elkarlana. Gaineratu dute urtean zehar hainbat saiakera egin dituztela horretarako, baina alkateak eta zinegotzi jeltzaleek "entzungor" egin dutela eta ez dutela "inongo erantzunik jaso". Uste dute "herriarentzako onak izan zitezkeen akordioei" uko egin diola EAJk, eta erabakiak hartzerakoan, "gehiengo absolutuan" oinarritzen direla, "ikuspuntu alderdikoia lehenestuz".

 

EH Bilduren ustez, Azkoitiak akordioak behar ditu: "Herri honetan erabaki estrategikoak hartu behar dira, herria urtetan baldintzatuko dutenak, eta horretarako ikuspuntu zabala beharrezkoa da. Alderdi guztien artean adostasuna behar dela uste dugu, eta Zubizarretari ozen esaten diogu gure eskua zabalik dagoela akordio ezberdinetarako. Goazen elkarlanera".

Alderdien arteko adostasunaz gain, herritarrei ere hitza eta erabakia ematea proposatu dio koalizioak Udal gobernuari. Horretarako, aurrekontu parte-hartzaileak martxan jartzeko eskatu dute, guztien artean herriko gauza txikiak zein handiak erabakitzeko: "Herriko eragile eta azkoitiarren beharrak entzun eta erantzutea nahi dugu, eta gu laguntzeko eta gure esperientzia aportatzeko prest gaude. Bide horretan ere elkarrekin lana egiteko eskua luzatzen dugu. Izan ere, adostasunak eta parte hartzea dira Azkoitia hobeago bat lortzeko ezinbesteko lanabesak. Beraz, ekin lanari", esan du Iraitz Otaño EH Bilduko bozeramaileak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide