Aurkezpenean izan dira Azkoitiko eta Azpeitiko alkateak, Iñigo Azkue zikloaren arduraduna eta Alberto Izagirre ikastolako zuzendaria, besteak beste. Javier Zubizarreta eta Eneko Etxeberria alkateek azpimarratu dute ezinbestekoa izan dela bi herrien arteko elkarlana proiektu hau aurrera eramateko. Horrez gain, zikloko ikasleei etorkizunean lana izango dutela adierazi diete, alor horretan eskaera handia dagoelako.
Erdi mailako ziklo hori bi urtekoa da eta 2000 ordu iraungo du. Aurreneko maila teorikoagoa izango da, eta bigarren ikasturtean, otsailetik ekainera praktikak egingo dituzte: telelaguntza zerbitzuan, etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta erakundeetan.