Guraso Eskolak emateaz Lahar elkargoa arduratuko da, eta Jose Mari Izeta psikologoak zuzenduko ditu lan saioak. "Eskarmentu handiko psikologoa da Izeta" esan du Lahar elkarteko koordinatzaile Iñaki Aragónek aurkezpenean. Adinaren arabera, bi talde osatuko dituzte: 6 eta 12 urte bitarteko gurasoei zuzendua bata, eta 12 eta 18 urte bitarteko aita-amentzat bestea.
Lehenengo taldearentzat saioak azaroaren 10, 17 eta 24an eta abenduaren 1, 15 eta 22an izango dira. Elkargunean egingo dituzte 15:15etik 16:45era. Bigarren taldeari zuzendutako lan saioak, berriz, egun horiez gain honako egun hauetan ere izango dira: urtarrilaren 12an eta 19an. Ordutegiari dagokionez, bigarren talde hori 17:00etatik 19:30era bilduko da.
“Gaurko gizartean –esan du Aragónek- gurasoen jarrera nolakoa den aztertuko da. Gurasoek baliabideak behar dituzte eta garrantzitsua da dituzten kezkak, beldurrak, partekatzea”. Haurren garapena, komunikazioa eta emozioak, gurasoen rola, nerabezaroan gurasoek duten papera, dependentziak eta arrisku berriak jorratuko dira, besteak beste.
Guraso Eskolan izena emateko azken eguna azaroaren 8a da. Udaletxean Ongizate sailean edota harreran eman daiteke izena eta doakoa da parte hartzea.
Esteban Perez terapeutaren hitzaldia
Izan Fundazioaren eskutik, Esteban Perez terapeutak “Drogekiko mendekotasuna: ondorioak eta konponbideak” hitzaldia emango du. Azaroaren 9an, Elkargunean, arratsaldeko 18:30ean izango da. Herritar guztiei zuzendutako hitzaldia da.
Aurkezpenean izan da Izan Fundazioaren programen zuzendari Izaskun Sasieta. “Gipuzkoa Helburu (Proyecto Hombre) programan pertsonaren gaitasunean sinesten dugu, mendekotasuna gainditzeko gai da birgaitze integrala lortuz” .
Gaur egun, Gizakia Helburu programak 437 pertsona eta haien familiak artatzen ditu profil ezberdinetakoak. “Badaude baliabide ekonomiko edo familiarrik ez dutenak, gurasoek belarritik helduta eramaten dituzten gazteak, hogeitaka urterekin ikasketak bidean utzi dituztenak. Eta baita bikotekidearekin edo familiarekin laguntza eske etortzen direnak ere”.