Aspalditik al zara Maxixatzeneko bazkide?
Bai, lehenengoetakoa naiz. Itxura denez, udalak ez zuela babestuko-edo esaten zen herrian, eta Joxe bizilaguna etorri zitzaidan bazkideak behar zituztela esatera.
Nola egin zinen bazkide?
Auzokide bat etxera etorri zitzaidan; oraindik ere ikusi egiten dut atea jotzen: “Toribi, Maxixatzenerako bazkideak behar ditugu. Nahiko al zenuke bazkide egin?”, esan zidan. Eta nik baietz erantzun nion. Maxixatzenek aurrera egitea nahi nuen, euskaraz irakurtzen jarraitzeko. Orain, San Jose egoitzara aldizkaria iristen denean, sekulako poza hartzen dut: “Gaur Maxixatzen etorri da, Toribi!”, esaten didate.
Gustura irakurtzen al duzu aldizkaria?
Bai, bai. Gainera, ez dut zaborretara sekula botatzen; beti egoitzako norbaiti ematen diot irakurtzeko, edo, bestela, iloba etortzen denean neure koinatuari emateko esaten diot, hura ez baita bazkide. Botatzea ez zait gustatzen.
Zer gustatzen zaizu gehien aldizkaritik?
Oro har, dena gustura irakurtzen dut. Poliki-poliki, egun desberdinetan, aldizkari osoa irakurtzen dut; argazkiei begiratzea, adibidez, asko gustatzen zait. Bistak laguntzen dit oraindik betaurrekoak jantzita, eta eskerrak.
Zergatik gustatzen zaizu Maxixatzen?
Euskaraz idatzita dagoelako. Nik Maxixatzeni esker ikasi nuen euskaraz irakurtzen. Batzuek esaten dute dena euskaraz egoten dela eta zaila dela ulertzeko, baina nik euskaraz gustura irakurtzen dut. Dena herriko kontuak ekartzen ditu, eta ezagutzen ditudan herritarrenak; hori polita da. Gainontzean, ez naiz irakurlea; Maxixatzen bakarrik irakurtzen dut euskaraz.
Dena ulertzen al duzu?
Oro har, dena ulertzen dut; ez naiz hasi sekula hiztegiarekin hitzen bila.
Noiz irakurtzen duzu Maxixatzen?
Ordu asko izaten dugu hemen libre. Bazkalostean, adibidez, bostak arte libre izaten dugu ia beti, eta albistegiak bukatzen direnean hasten naiz irakurtzen.
Zenbat egunetan irakurtzen duzu?
Presarik ez dut izaten, eta aste bat baino gehiago behar izaten ditut dena irakurtzeko. Astiro-astiro hartzen dut dena.
Bazkide ez den horri zer esango zenioke bazkide egin dadin?
Bazkide egiteko, zalantzarik gabe. Gauza askoren berri jakingo du Maxixatzenekin. Bakoitzak bere gustuak izaten ditu, baina niretzat dagoen aldizkaririk politena da Maxixatzen.
Maxixatzen amaituko balitz, pena hartuko al zenuke?
Bai, noski. Bizi garen bitartean, gustura jarraituko dut irakurtzen.