Erniarraitz Bertsozale Elkarteak haurren eta helduen bailarako bertso eskola jarri du abian ikasturte honetan. Proiektu berriak zabalkundea emango die bertsolaritzari eta bertso eskolako ikasleei, Azkoitian, Azpeitian eta, ondo bidean, Errezilen. Hiru herri horietako ikasleak nahastuko dituzte, ikasle bakoitzaren mailaren eta beharraren arabera; guztira 60 lagun. Jokin Uranga bertsolari azpeitiarrak emango ditu eskolak. Helburua bertsolaritzaren harrobia haztea eta heztea da. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten proiektua udaletxean, eta bertan izan ziren Sonia Vázquez kultura zinegotzia eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko hainbat kide.