Produktu Fitosanitarioen Aplikatzaile txartela ateratzeko ikastaroa eskainiko dute

Maxixatzen.eus 2016ko urr. 13a, 11:38

Hazi Fundazioak eta Azkoitiko Udalak ikastaro bat finantzatuko dute nekazaritza sektoreko profesionalek Produktu Fitosanitarioen Aplikatzaile txartela eskuratzeko aukera izan dezaten, beste herri batera joan beharrik eta kostu ekonomikorik gabe. Interesa duten pertsonek Udaletxeko Arreta Bulegoan eman beharko dute izena urriaren 30a baino lehen.

 

Ikastaroan izena emateko ezinbestekoa da nekazaritza ustiategi txartela izatea, txartel berdea deritzona, edota lanean produktu fitosanitarioak erabili beharra izatea. Gutxienez 20 laguneko taldea osatu beharko da ikastaroa aurrera ateratzeko.

Izena emateko unean, txartel berdea aurkezteaz gain, bi argazki eta NAN-aren kopia entregatu beharko dira.

Ikastaroaren iraupena 25 ordukoa da eta Elkargunean emango da azaroaren 15etik 23ra bitartean.

Udalak ikastaroaren %60 finantzatuko du, alegia, 1.685 euro bideratuko ditu ikastarora. Gainerako %40a, 1.123 euro, Hazi Fundazioak jarriko du.

Legeak produktu fitosanitarioen erabiltzaile eta saltzaileak euren ezagutzak akreditatzera behartzen ditu txartel bat eskuratuz. Ikastaroa egiten duten ikasleek txartel hori lortzeko aukera dute. Horretarako gutxienez saioen %90era joan beharko dute eta amaierako azterketa gainditu. Eskaria ikusita, Udalak ikastaroa antolatuz akreditazioa lortzearen beharra dutenei lagundu nahi izan die. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide