Kontxako bandera irabazi berri duzu. Nola sentitzen zara?
Ondo, ondo. Gainetik pisu handia kenduta bezala; lasaituta, eta gustura egindakoarekin.
Balorazio ona egingo duzu.
Ezinhobea. Aurten, dagoen mailarekin, irabaztea oso garesti zegoen. Bagenekien ez zela erraza izango, baina esperantza handia geneukan, eta, zorionez, lortu dugu bandera etxera ekartzea.
2014an eta 2015ean ere zuek irabazi zenuten. Presio handia izango zenuten…
Bai; azkenean, Bermeoko taldean irabazi beharra dago. Hori ez dago ondo esanda, baina estropada ona egin behar duzu, eta geure buruari presio handia jartzen diogu. Irabaztea nahi dugu guztiaren gainetik, urte osoa horretarako prestatzen gara-eta.
Nola ospatu duzu garaipena?
Oraindik liga jokoan dago, eta gero ospatuko ditugu ospatu beharrekoak. Egoera onean gaude, bi puntu aurretik gara, eta ea liga irabazteko gai garen. Baina oraindik ez dago ezer erabakita.
Larunbatean Bermeon bertan jokatuko duzue.
Etxeko estropada da, eta bigarren Kontxa han edukiko dugu. Herria beti da berezia, eta jendea oso pozik eta emozionatuta dago. Dena urdinez egongo da, eta ea lan txukuna egiten dugun.