Xabier Oroz: "Ezin da egunero esan Europako txapeldun zarela"

Maxixatzen.eus 2016ko uzt. 27a, 09:02

Xabier Oroz Europako txapeldunaren koparekin.

Xabier Orozek (Azkoitia, 1996) Europako 20 urtez azpiko txapelketan urrea lortu zuen pasa den igandean, Espainiako selekzioarekin. Helsinkiko (Finlandia) Ice Stadiumen jokatu zuten finalean 55 eta 68 irabazi zieten Lituaniari.

 

Zazpi neurketa jokatu dituzue Europako 20 urtez azpiko txapelketan urrea lortzeko, eta horietatik bakarra galdu, Finlandiaren aurka. Zer moduzko esperientzia izan da?

Esperientzia ahaztezina izan da. Nuen ametsetako bat egia bihurtu da. Txapelketa hasieran inork ez zuen zentimorik ere emango guregatik, eta harro nago talde osoak egindako lanarekin. Txapelketa hauetan lehenengo partidak oso zailak eta gogorrak izaten dira, eta garrantzitsua izan ohi da bide egokia hartzea lehenengo egunetan. Finlandiaren aurka galtzea inflexio puntu bat izan zen, eta egun hartatik aurrera aurrerapauso bat eman zuen taldeak.

 

Ez dituzu nahi adina minutu eduki kantxan. Arlo pertsonalari dagokionez, zein neurketarekin geldituko zinateke?

Maila honetan taldekideekin dagoen konpetentzia oso altua da. Urrea lortzeko gakoa talde bezala irabaztea nahi genuela jakitea izan zen, jokalari bakoitzak bere minutuei begiratu beharrean. Rolak ondo banatuta zeuden, eta ez zen haserrerik egon. Arlo pertsonalean Hungariaren aurkako partida eta finala jokatu izanarekin gelditzen naiz.

 

 

Zertarako balio izan dizu Helsinkiko (Finlandia) txapelketak?

Jokalari bezala ikasteko eta urratsak ematen jarraitzeko. Entrenatzaileak eta jokalariak goi mailakoak zirela jakinda, une guztietan arreta mantentzen ahalegindu naiz.

 

Aldagelan ohikoa ez den jendearekin egon zara. Nolakoa da jokalari horiekin duzun harremana?

Lehenagotik ezagutzen nituen eta lagun onak ditut denak. Talde bat baino gehiago garela erakutsi dugu, eta hori beharrezkoa da horrelako kontzentrazio luzeetan.

 

 

Zein da datorren denboraldirako duzun asmoa?

Oraindik ez naiz datorren denboraldiarekin pentsatzen jarri. Oraina gozatu nahi dut. Ezin da esan egunero Europako txapeldun zarela. Gero etorriko da pentsatzen jartzeko ordua.

 

Oporraldian saskibaloi txapelketa izan duzu. Orain atseden hartzea egokituko zaizu. Noiz hasiko zara datorren denboraldia prestatzen?

Orain oporrei tarte bat egingo diet. Lagunekin oporretara joango naiz eta andramaixek ere berehala ditugu. Festen ostean, berriz ere forman jartzen saiatuko naiz.

 

 

Gero eta gazte gehiago dira Ameriketara ikastera eta saskibaloian jokatzera joaten direnak. Joango al zinateke? Baliagarria dela uste al duzu?

Baliagarria izan daiteke, hango ikasketak eta hizkuntza maila onak baitira. Nik ez nuen bide hori aukeratu, baina gauzak dauden moduan egonda, aukera ona iruditzen zait gazteentzat. Ez naiz damutzen, ordea, joan ez izanaz.

 

Entzun Txetxu Urbieta Euskadi Irratiko kazetariak azkoitiarrari egindako elkarrizketa

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide