Nolatan hasi zinen yoga ikasten?
Telebistan Esther Diaz Braboren saioa ikusten hasi nintzen. Yoga irakasten zuen telebistan, eta han hasi nintzen, etxeko egongelan yoga ariketak egiten. Gero, Altxibertxo pareko zuhaitz batean iragarki bat ikusi nuen: "Yoga klaseak Azpeitian". Egunero irakurtzen nuen, telefonoa ere buruz ikasi nuen, eta, halako batean, ausartu eta telefonoz deitu nuen. Taldea osatu arte zain egon behar izan nuen, eta hiru edo lau lagun elkartu ginenean hasi ginen Azpeitian.
Eta yoga irakasten?
Azpeitiko irakaslea Zestoara joan zitzaigun. Lagun talde bat geratu ginen, eta elkartzen eta praktikatzen jarraitu genuen. Poliki-poliki taldea osatzen joan zen, bat etorri, bestea joan. Ni geratu nintzen zaharrena, eta neu hasi nintzen irakasten. Kasualitate handi bat izan zen klaseak ematen hastea, niri ez baitzait gustatzen jendearekin hitz egitea, jendearen aurrean aritzea. Nik ez dut yogako ikasketarik, niri titulurik ez eskatu; nik erakusten dudana praktikarekin ikasi dudana da, edo liburu edo aldizkaritan irakurritakotik ikasitakoa edo hortik ateratakoa.
Orduan, eguneratzen zoaz?
Posturak ez dago aldatzerik. Posturak betikoak dira: aurrera, atzera eta alboetara egin behar duzu eta listo. Ez dago gehiago. Azalpenak edo bakoitzaren esperientziak agertzen dira aldizkarietan.
Zer lantzen duzue klasean?
Guk Pranayama eta Hatha Yoga lantzen ditugu: arnasketa, posturak eta erlaxazioa. Gauza xinpleak lantzen ditugu. Horrez gain, beste yoga mota asko daude: Kundalini Yoga, Bhakti Yoga, Raja Yoga, Prema Yoga… Dena elkarrekin lotuta dago, baina yogaren barruan bide asko daude. Guztiak norbera hobeto sentitzeko bideak dira.
Nori gomendatuko zenioke yoga egitea?
Edonori gomendatuko nioke, edonorentzat baita mesedegarria yoga egitea. Klaseetara gehienbat jende heldua eta emakumezkoak etortzen dira, baina denentzat da baliagarria. Gazteentzat ere mesedegarria da, ikasketetarako, kontzentrazioa lantzeko, azterketa garaian lasaitzeko… Lagungarri izango lukete. Normalean, jendea gaizki sentitzen delako hasten da. Nonbaiteko mina dutenean-eta etortzen dira, baina, berez, edozeinentzat eta edozein momentutan da baliagarria. Yogan, gainera, ez dago hobeto edo okerrago egiten duenik; bakoitzak bereprozesua sentitzea da garrantzitsua. Poliki-poliki luzatzen, soltatzen zarela sentitzea.
Zenbat lagun elkartzen zarete?
Ezin dut zehatz esan, ez baitut zerrendarik jasotzen. Hala ere, aurten iaz baino jende gehiago dabil. Bi talde daude. Talde bat 15:15etik 16:45era elkartzen gara, umeak eskolan utzi eta bila joan bitartean, eta beste talde bat iluntzean, 19:30etik 21:00etara. Talde bakoitzean 28 bat lagun egongo gara. Jendea ahal duenean edo nahi duenean etortzen da. Gelan 30 bat lagunentzako lekua dago; gehiago etorriz gero, pasillora ateratzen gara. Ateak zabalik daude, animatu eta etorri! Astelehen eta ostegunetan elkartzen gara.
Beti toki berean eman al dituzue eskolak?
Ez, toki batean baino gehiagotan egon gara. Lokala beti udalak laga izan digu. Hasieran kultur etxeko lehen solairuan hasi ginen. Garai hartan liburutegia zegoen hor, eta liburutegiaren ondoko gela txiki batean aritzen ginen; 12 lagun bakarrik kabitzen ginen. Ondoren, eskola profesionalera pasatu ginen, hango frontoira. Gero, eskola nazionaletako gela batean ibili ginen. Kiroldegia egiteko bota zutenean, orain gauden tokira pasatu ginen, kultur etxeko laugarren solairura, eta gaur arte. Handiagoa eskatu genuen, baina ez zegoela esan ziguten, eta hemen jarraitzen dugu.
Zein dira yogaren onurak?
Yoga egiteko joera baduzu, onurak nabaritzen dira: arinago sentitzen zara, lo hobeto egiten duzu, gorputza arnasberritu, organoetako odola garbitu, arnasketa kontrolatzen ikasi… Onurak asko dira.
Zer da garrantzitsuena Yogan?
Arnasketa. Garrantzitsuena arnasketa ondo egiten ikastea da. Hori ikasiz gero, posturak ikasiko dituzu. Arnasketak muskuluak, hezurrak soltatzen laguntzen du. Horrela errazagoa da ariketak, posturak egitea. Sabel arnasketa, hori da garrantzitsuena.
Noiz arte jarraitzeko asmoa duzu?
Gorputzak aguantatzen duen arte, eta udalak lokala uzten digun arte.
Erreleborik izango al duzu?
Printzipioz inor ez dago prest. Lehengo urtean izan nuen bat; nik neuk bolada batean ezin izan nuen klaserik eman, eta beste batek eman zituen. Jendea ere gustura ibili zen harekin. Nik uzten dudanean auskalo zer gertatuko den.