Zer da BizikletanBizi?
Eguneroko bizitzan bizikletaren erabilera bultzatzeko helburuarekin sortutako proiektua da BizikletanBizi, ardatz nagusitzat eguneroko lekualdatzeetarako bizikletaren erabilera eta bizikleta eta bidaiak uztartzea dituelarik. Gizarte eredu iraunkor batean bizikletak eskaintzen dituen aukerak asko direla ikusten dugu, eta hauek gauzatzeko helburuarekin dihardugu, momentuz Urola erdian zentraturik.
Zer azaldu nahi duzue aurkezpenean?
Bizikletan bidaiatzeak eskaintzen dituen aukerak zabaldu nahi ditugu batetik, baina nagusiki horrelako bidaia baten antolaketan sortu daitezkeen zalantza eta zailtasunak argitzen laguntzea dugu helburu. Azken finean, kontsulta puntua eta jendearen bizikleta esperientziak batzeko oinarri bat ere bagara, eta kasu honetan, Azkoitiko bidaiari taldearekin elkarlanean, herritarrei bizikletan bidaiatzearen aukera aurkeztu eta erraztu nahi diegu.
Zeintzuk dira zuen ustez bizikletaz bidaiatzearen abantailak?
Lehenik eta behin, atsegin ditugun bi gauza bateratzeko aukera ematen duela esan genezake, bidaiatzea eta bizikletan ibiltzea. Hala ere, orokorrean bizikletaz lekuak ezagutzean, herrialde edo inguru baten xehetasun gehiagotan erreparatzeko aukera ematen duela uste dugu, autoan goazenean ikusi ohi ez ditugunak sarritan. Era berean, bidaiatzeari abentura kutsua ematen dio, norbera bere buruarekin neurtzeko modu bat balitz bezala. Guzti hau kontuan izanda, bidaiatzeko modu berezi bezain ederra dela esan dezakegu.
Oporrak gerturatzen ari direnez, aurtengorako proposamenik ba alduzue?
Leku guztiek dute bere xarma. Esan bezela, leku bakoitzaren aberastasunez errazago konturatzen da bizikletan bidaiatzean. Aukera asko daude, sarri oso urrutira joan beharrik gabe ere.