Unai Aranbarri: "Izugarria izan da herrian Anaitasunaren inguruan sortu den mugimendua"

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 20a, 10:38

Unai Aranbarri, Anaitasunako kapitaina.

Unai Aranbarri (Azkoitia, 1993) Anaitasunako kapitainak, balantze positiboa egin du denboraldia amaitu berritan. Hondarribian gol bat falta izan zitzaion taldeari Hirugarren Mailara iristeko. Kolpe gogorra izan zela aitortzen du Anaitasunako jokalariak, baina denboraldiak, orokorrean, une zoragarriak utzi dituela azpimarratu du.

 

Amaitu da denboraldia, eta amaitu da ametsa. Atzamar puntekin ukitu duzue Hirugarren Maila, baina aurten ez duzue lortu mailaz igotzea. Nola deskribatuko zenuke aurtengo denboraldia?

Hirugarren Mailara igotzeko ametsa azken partidara arte izan genuen bizirik eta, gainera, esku-eskura. Kolpe gogorra izan zen Hondarribian taldeak jaso zuena. Ondoren igoera fasea jokatu behar izan dugu eta bigarren gelditu gara, nahiz eta lehena gelditu den Padurak ere ez duen mailaz igotzea lortu. Kolpe gogor hori jaso eta gero, sentsazio txarra gelditzen zaio bati barnean eta badirudi urte osoan egindako lan guztiak ez duela ezertarako balio izan. Hala ere, aste batzuk pasatu ondoren konturatzen gara egin dugun denboraldia oso ona izan dela. Azken unera arte lehen postuagatik borrokan egon gara, eta ondoren igoera fasea jokatzeko aukera izan dugu. Gainera oso futbol ona eta ikusteko polita egin dugu; gure mailan futbolean ondoen jokatu duen taldea izan garela esaten ere ausartuko nintzateke. Tolosak izan ezik, gure ligako beste talde guztiek sinatuko lukete guk aurten egindako denboraldia egitea.

 

Taldeari Hondarribian gol bakarra falta izan zitzaion Hirugarren Mailara heltzeko. Nola bizi izan zenituen zuk, eta bereziki taldeak, Ondartza futbol zelaiko une haiek?

Une bereziak eta politak izan ziren. Horrelako partidak jokatu aurretik izaten diren barruko kilimak ezberdinak izaten dira beste partidekin alderatuta. Aste guztia izan zen berezia, Hondarribira iritsi ginenean ere zaletuek eta familiek guri animoak emateko egindako bideo bat ikusi genuen, ikaragarria izan zen.

Partidan bizitako uneak tentsio handikoak izan ziren. Galtzen hasi ginen eta atsedenaldian Tolosa ere galtzen zihoala esan ziguten. Bigarren zatian, partida berdintzea lortu genuen, eta hogei minuturen faltan bagenekien Irunen Tolosak galtzen jarraitzen zuela. Amaieran ezin izan genuen igoera emango zigun gola lortu.

Partida amaitu zeneko une horiek, berriz, ez zaizkit sekula ahaztuko. Kolpe gogorra izan zen, tristura zen nagusi. Albora begiratu eta taldekide guztiak lur jota ikusten ziren, negarrez, une latzak izan ziren taldearentzat. Txalotzekoa izan zen Hondarribiko neurketa guztian zehar eta partida bukatu ondoren herritik joandako zaleek emandako animoak. Ondoren beraiekin ateratako argazkia ere oso polita izan zen.

 

Talde sendoa izan zaretela erakutsi duzue aurten, bai Txerloian eta bai etxetik kanpo. Zein izan da taldearen indargune handiena?

Taldearen indargune nagusiena taldea bera dela esango nuke. Hau da, familia bat gara, denak azkoitiarrak, eta oso ondo ezagutzen dugu elkar. Entrenamendu eta partidez gain, askotan elkarrekin ibiltzen gara, eta hori zelaian nabaritu egiten da. Oso giro ona dugu aldagelan, eta hori aipatzekoa da. Familia izate hori izan da aurtengo gakoa.

Beste indargune bat ere badu, ordea, taldeak. Jokatzeko estiloa ondo finkatu dugu, taldekide guztiok dakigu zer nolako jokoa egin nahi dugun, eta bakoitzak bere papera ongi bete du.

 

Herritarrak eta jarraitzaileak ere zuekin egon dira azken neurketara arte.

Bai, eta eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen, izugarria izan baita herrian Anaitasunaren inguruan sortu den mugimendua. Denboraldi hasieran helburu nagusi bat jarri genuen: herrian Anaitasunaren inguruan ilusioa sortzea, eta uste dut lehen itzulia betetzerako betea genuela helburu hori. Astea joan eta astea etorri, bai Txerloiara eta bai kanpoko partidetara, jarraitzaile ugari etorri dira, eta horiek emandako babesa ikaragarria izan da. Guretzat izugarria da hainbeste zaleturen aurrean jokatzea. Eta ez dago hitzik azken bost-sei partidetan eman diguten babesa deskribatzeko. Astero autobusak betetzen ziren, eta etxetik kanpo jokatzen genuenean ere Txerloian ari ginela ematen zuen. Talde guztiaren partez eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen.

 

Aurten egin duzuen urtea ona izan da, eta datorren denboraldira begira, zein izan daiteke aurtengoa errepikatzeko gakoa?

Aurtengoa errepikatzea ez da erraza izango, talde batek bakarrik bukatu baitu gure aurretik. Gakoa, aurten bezalaxe lana gogor egitea izango da, denboraldi-aurretik hasi, eta azken egunera arte, talde giro onean eta hankak lurrean izanda.

 

Zein helbururekin hasiko duzue 2016/17 denboraldia?

Oraindik goiz da helburuak jartzen hasteko, bai futbolaren inguruko helburuak jartzeko behintzat. Horretarako nahikoa denbora izango dugu gero ere. Baina amaitu berri den denboraldian, herrian Anaitasunaren inguruan sortu den mugimenduari jarraipena ematea oso garrantzitsua da. Helburu moduan hori jarriko nuke. Datorren urtean ere herriaren eta zaleen babesa baldin badugu, gauzak ondo joateko aukera gehiago izango ditugu. Ea guztion artean ametsak egia bihurtzen ditugun!

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide