1.000 euro jokoan, Azkoitiko saltokietan erosteagatik

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 10a, 12:29

Sabadell bankuak Azkoitian sinesten dugu publizitate kanpaina abiatu du Azkoitiko saltokietan. Ekainaren 1etik 30era bitartean, herriko dendetako erosketa bakoitzeko 1.000 euroren zozketan parte hartuko dute bezeroek, eta horrez gain, Cállate La Boca enpresak Azkoitiko irudiarekin egindako 5.000 poltsa banatuko dituzte.

 

1.000 euroko opari txartel baten zozketa antolatu dute, Azkoitiko saltokietan erosketak dinamizatzeko. Adin nagusiko pertsona fisikoek parte har dezakete zozketan, banku horretako bezero izan zein ez izan. Horretarako, erosketaren bat egin beharko dute kanpainan parte hartu duten Azkoitiko saltokietakoren batean, txartela behar bezala bete eta saltokian entregatuta. Erosketa bakoitzeko txartel bat izango da zozketan parte hartzeko. Saria egun bakar batean kontsumitu beharrekoa da, kanpaina horretara atxikitako hiru saltokitan gutxienez, eta saltoki horietako bat txartel saritua utzitako hura izango da.

Bestalde, kanpaina horretan parte hartzen duten saltokietako jabeek, horien senideek edota enplegatuek ezin izango dute saltoki horretako txartelekin parte hartu.

Zozketa uztailaren 20an egingo dute notario aurrean, saltoki horietan jaso diren txartel guztietatik zeinek irabazi duen jakiteko. Zozketa amaitzen denetik, egutegiko 30 egun betetzean iraungiko da saria erreklamatzeko edota zozketarekin lotutako beste erreklamazio batzuk egiteko eskubidea. Badaezpada, lau txartel aterako dituzte, baina lehenengo ateratako txartelaren titularra izango da irabazlea. Irabazlearekin harremanetan jartzerik egongo, bigarren ateratako txartelaren titularrari esleituko diote saria, eta horrela ondoz ondo.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide