Udalak Bizikidetza Plana landuko du agintaldian zehar

Maxixatzen.eus 2016ko mai. 17a, 10:52

Argazkian: Gorka Moreno, Nekane LarraƱaga, eta Maddalen Epelde.

Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiaren laguntzarekin, integrazioaren esparruan Bizikidetza Plana jorratuko du Udalak 2016-2020 urteen bitartean. Nekane Larrañaga zinegotziak azaldu du 2009-2010 urteen artean diagnosi batzuk egin zirela, eta etorkinen errealitatea aldatu egin dela. Horregatik, beste diagnostiko bat egingo dute hiru hilabetean, Azkoitiko argazkia zein den hobeto ezagutzeko. Urtarrileko datuen arabera, 11.500 biztanletik 961 etorkin bizi dira Azkoitian, %8a, gutxi gorabehera, eta gehienak marokoarrak, pakistandarrak eta aljeriarrak dira.

 

Ikuspegik herritarren artean hainbat elkarrizketa eta inkesta egingo ditu, eta horretarako herritarren kolaborazio eskatzen dute. Behin txostena bukatuta, lan ildoen proposamena aurkeztuko dio behatokiak Udalari.

Morenok dio aurretik egindako immigrazio planen kezka nagusia harrera izaten zela, eta orain, aldiz, integrazioa eta elkarbizitza plan bat egitea. "Elkarbizitza hobeagoa lortzeko, proiektu xumea, baina bideragarria jorratuko dugu. Azkoitiak dituen arazo, behar eta erronka nagusiak detektatuko ditugu, eta hortik abiatuta hainbat jarduera eta ekintza antolatuko ditugu", azaldu du Morenok.  

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide